Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak ekimen berezi bat antolatu nahi du taldearen 40. urteurrena eta Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole bizkaitarra jaio zela 120 urte betetzen direla ospatzeko: “Hasiera-hasieratik izan dugun helburuari eutsiz, herria etenik gabe dantzan jarri nahi dugu”. Horretarako, 24 ordu dantzan etenik gabe ekimena burutu nahi du dantza talde beasaindarrak datorren irailaren 20 eta 21ean.

Bi egun hauetan, plaza dantzak (fandangoak, arin-arinak, jauziak…) dantzatuko dira. Ekimena Beasaingo Bideluze plazan egingo da, irailaren 20ko arratsaldeko 20.00etatik aurrera.

“Dantza egiteko nahiz musika jotzeko gai den jendea animatu nahi dugu ekimen honetan parte hartzera”, azaldu dute Ostadar Dantza Taldeko kideek. “15 minutuko txandak egingo dira, eta txanda hauek banaka zein taldeka egin ahalko dira”, gaineratu dute.

Dantzari edo musikari moduan ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek https://24orduzdan-tzan.eus webgunean izena eman behar dute.

Ekitaldiaren inguruko zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, 24orduzdan-tzan@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.