Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Dokumentuaren akzioak

Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea

Orgak hartuta, jantzi dotoreak soinean, Elizondorako bidea eginen dute baztandarrek uztailaren 21ean. Baztandarren Biltzarrak ohiko egitaraua izanen du aurten ere, eta orga desfilea irekitzeko ohorea Bidelagun Elkarteko kideek izanen dute. Hogei urte bete dituen elkarteari, Baztanen egindako lana aitortu nahi diete horrela.
Egilea
Ttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Baztan
Mota
Albistea
Data
2019/07/18
Lotura
Erran
Baztango ia herri gehienek aurkezten dute orga.

Baztandarren Biltzarrako egitaraua

  • 10:00etan artisau-azoka Pedro Axular Karrikan (goiz osoan)
  • 11:00etan orga apainduen desfilea.
  • 13:30ean mutil-dantzak Elizondoko plazan.
  • 14:30ean herri-bazkaria Merkatuko Zelaian.
  • Bazkalondoan: Olaia Inziarterekin kantaldia, Elizondoko gaiteroak, Baztango xirubitariak, Trikidantz, Oharkabe, Tirri & Tery.

Iragan urteetan bezala, aurten ere, orgen desfilean Euskal Herriko zazpi probintzietako musikari eta dantzariak gonbidatzeko ahalegin berezia egin dute. Bertako taldeez gain, aurten, berritasun modura, atzerritik etorritako talde bat ikusteko parada izanen da. San Francisco Basque Culture Center, Chino Basque Club, Kern County Basque Club (Bakersfield), Iparreko Ibarra Basque Club (Rocklin) eta Fresno Basque Club euskal etxeetako 50 musikariz eta dantzariz osatutako talde batek hartuko baitu parte desfilean. Horiekin batera, bidaian etortzekoak dira beren senideak ere. Orotara, 160 lagun inguru etorriko dira Baztanera; horietako anitzek jatorri baztandarra dute, gainera.

Aurten ere, ez da besta iragartzeko kartel lehiaketarik egin. Bertze behin, Baztango sortzaile bati eman zaio aukera. Hala, Karmele Gomez artistarena izan da Baztandarren Biltzarra iragartzeko kartela egiteko ardura. Aitzineko kartelekin alderatuta, proposamen urratzaileagoa egin du Gomezek. Irrintzi baztandar bat irudi bilakatu du, sinestesia deituriko zentzumenaren bidez. Kartel hori oinarritzat hartuta kamisetak egin dira, eta Mendi ostatuan erosi daitezke. Bertzela, larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara eta besta aitzineko astean arratsaldero, Baztandarren Biltzarra elkartearen egoitzan izanen dira eskuragarri.

Elizondoko Merkatu plazan eginen den bazkariari dagokionean, Baztandarren biltzarrak bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Iaz bezala, bazkari txartelak 23 euroan salduko dira.  Bertzalde, bestan sortzen diren hondakinak murrizteko lanean jarraitzen du elkarteak. Bertze urte batez, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko du. Berrikuntza modura, ohiko komun kimokoez gain, egun dauden alternatibak Baztandarren Biltzarra bezalako besta handi batean egingarriak diren ala ez jakin nahi du elkarteak. Hala, belar bola bat erabiliko da pixa-toki modura. Alternatiba horrek funtzionatuz gero, litekeena da apurka-apurka komunen eredua aldatzen joatea.

Denendako besta

Baztandarren Biltzarra denendako besta izatea nahi du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Horregatik,  ez du Mutil Dantza baztertzailerik babestuko. Are gehiago, orgen desfilearen ondotik, Elizondoko plazan neskek zein mutilek dantzatzeko aukera izaten duten Mutil Dantzan parte hartzeko deia egiten du. Izan ere, denek, gizon ala emakume den inporta gabe, bestaz gozatzeko aukera izatea ezinbertzekotzat jo du. Berdintasuna lan ildo bat izaki, elkarteak argi utzi du sexu erasoen salaketen aitzinean, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratuko duela.

Baztandar guztien besta iristeko gero eta gutiago falta da. Uztailaren 21ean, denei Elizondora hurbiltzeko gonbita luzatzen die Baztandarren Biltzarra elkarteak. Baztango hamabortz herriak beren orgekin bestan izatea espero du, herriak bestan ezinbertzekoak direlako erakusteko. Orgen desfilearen ondotik, denak animatu ditu merkatu zelaian eginen den bazkarira etortzera, eta horren ostean izanen den bestaz gozatzera beti ere, eskuaraz barra-barra eginez.

Dokumentuaren akzioak