Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baztandarren Biltzarra bueltan da, gogo bereziz eta elkartea sendotzeko erronkarekin

Dokumentuaren akzioak

Baztandarren Biltzarra bueltan da, gogo bereziz eta elkartea sendotzeko erronkarekin

«Zailtasunak zailtasun, denek ezagutu dugun Baztandarren Biltzarra ospatzeko aukera dugu», adierazi du besta antolatzen duen izen bereko elkarteak. Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondotik, Elizondoko karrikak bailarako hamabortz herrien orgaz eta batez ere alaitasunez bete dira.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Elizondo
Mota
Albistea
Data
2022/07/17
Lotura
Naiz

 Baztandarren Biltzarrak bailarako hamabortz herrietako lagunak ez ezik Euskal Herri osokoak batu ditu Elizondon.

Baztandarren Biltzarrak bailarako hamabortz herrietako lagunak ez ezik Euskal Herri osokoak batu ditu Elizondon. (Andoni CANELLADA | FOKU)

1963. urtean ospatu zuten Baztandarren Biltzarra lehendabiziko aldiz. Baztandarrak biltzeko besta gisa hasi zena, euskaldunon bilkura da orain. Bidean hamaika traba izan ditu eta urte batzuetan bertan behera ere gelditu izan da. Azkeneko geldialdia pandemiak eragin zuen. Zailtasunak gaindituta, besta betean da igande honetan Elizondo.

Alvaro Garde Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea da. «Denek ezagutu dugun Baztandarren Biltzarra ospatzeko aukera dugu», adierazi dio NAIZi. «Kristoren gogoa» zuten, baina ez zekiten zenbateko laguntza izanen zuten. Izan ere, 15 bat kide soilik dira besta antolatzen duen izen bereko elkartean. Baina babes handia jaso dute ospakizuna aitzinera ateratzeko.

Igande hau topera gozatu ondotik, «elkartea sendotzea eta kideak gehitzea» izanen dute erronka.

«Interesa ikusi dugu. Oraintxe jendez inguratua nago, eta alaitasuna, emozioa, ilusioa sumatzen da. Aitzinean dudan irudiarekin egindako lan guzia ordainduta dago», baieztatu du Gardek.

Amaiur, abanderatu

10.00etan hasi da egun handia, artisauen azokarekin, Pedro Axular karrikan. 11.00etan, Baztango hamabortz herrietako orgen desfilea abiatu da. Amaiurkoa izan da abanderatua, lehena, bortzehun urte bete baitira aurten bertako gaztelua suntsitu zuen batailatik. Gudu honen ikur, ezpata dantzariak izan dira dantzarien artean.

Zigakoek gariarekin lotutako orga eraiki dute, bertze herri batzuek nekazaritzaren eta abeltzaintzaren egoera txarra aldatzeko aldarria egiteko aprobetxatu dute. Bertako ohiturak eta bizimoduak hartu dituzte gaitzat.

 

Historia hurbileko pasarteak ekarri dituzte gogora. (Andoni CANELLADA/FOKU)

 

Orga bakoitzaren atzean dantzariak eta musikariak joan dira –Baztangoak eta Euskal Herri osokoak– eta guztien artean desfile polita osatu dute. «Kristoren maila izan da orgetan aurten, jendeak ilusioa jarri duela ikusten da», erran du Alvaro Gardek.

 

Makina bat emakume ibili zen jostunen lantegietan, krisiak itxi zituen arte. (Andoni CANELLADA/FOKU)

 

Heldu den urtean 60. urteurrena ospatu nahi dute

Beroa sentitzen zen baina hori handiagoa zen gogoa. Gainera, bazkari gehiena itzalean izan dute, Merkatuko zelaian. 1.600 pertsonarentzako jan-edan goxoa prestatu dute.

Aurretik eta ondotik mutil dantzak izan dituzte –izenak bertzerik iradokitzen badu ere, nahi duenak izan du dantzatzeko aukera–, baita muxikoak eta animazio gehiago ere.

Arratsaldean Trikidantz eta Gabezin taldeak dituzte eta besta amaitzeko, DJ Tiri & Terry.

Baztandarren Biltzarra elkarteak eskerrak eman dizkie lagundu dituzten guztiei. Gozatzeko deia egin eta heldu den urtean 60. urteurrena ospatzeko aukera izateko esperantza agertu du.

Dokumentuaren akzioak