Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baztan, orga desfilearen erritmoan

Dokumentuaren akzioak

Baztan, orga desfilearen erritmoan

Orgek kolorea eta bizitasuna emango diote Baztandarren Biltzarrari, Elizondon tradizioa berpiztuz

Egilea
Maialen Huarte
Komunikabidea
Berri
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2009/07/20

Larunbatean emango diote hasiera jaiari. Horrela, arratsaldean, Incansables txarangak girotuko ditu Elizondoko kaleak. Ondoren, Zpeiz Mukaki Iparraldeko taldea ariko da, eta gaua iristen, Laiotz taldearen txanda izango da, eta Foru plazan izango da goizaldera arte.

Aurtengo orgen desfilean, aurreko urteetan bezala, Iturengo joaldunak, gaitariak, Euskal Herriko hainbat dantza talde, zenbait herritako txistulariak eta trikitilariak ariko dira karriketan barna. Ikurrinak eta Nafarroako eta Baztango banderek markatuko dute orgen pausoa. Horien gidaritzapean euskara ikasten diharduten hiru kanpotar egongo dira. Horregatik, aurtengo leloa Eskuarak batzen gaitu izango da, nolabait baztandarrentzat euskarak egunerokoan duen garrantzia adierazteko Baztandarren Biltzarrean. Horren haritik, kanpotarrei gertutasuna eskaini nahi diete Baztandarrek.

Horretarako, «desfilean banderak eramateko ohorea izango dute», adierazi du Jexux Baylonek, antolatzaileak. Beraz, kanpotarrak ere elkartasun horren isla direla argi utzi nahi dute aurten. 21 orga inguruk parte hartuko dutela adierazi du Baylonek. Aurreko urteetan bezala, gutxienez, Baztan osatzen duten hamabost udalerrietako bakoitzak orga bat aurkeztea espero dute.

Txapelketa ere izango da aurten. Orga onenari emango diote saria. Horretarako, honako hau kontuan hartuko dituzte: orga prestatzeko urte osoan egin duten lana, egunean bertan orgaren zaintza nolakoa izan den eta ikusleengan sortutako giroa. Epaimahaia herriko jendeak osatzen du, gutxienez herri bakoitzeko partaide bat egoten da, erabakia parekatua izan dadin.

Gustu guztiak, ase

Desfilearen ondoren, herri bazkaria izango da. 1.600 bat pertsonarendako piperrada, patata tortilla, haragia saltsan eta euskal pastela prestatuko dituzte. Merkatuzelain izango da bazkaria, urtero legez.

Jaialdia ez da bazkariarekin amaituko. Ordu luzez arituko dira bertsolariak, txistulariak, Pottoka abeslaria, larrain-dantza eta mutil-dantzak, eta arratsaldearekin amaitzeko Trikidantz taldeak girotuko ditu inguruak. Gaua iristearekin batera, Laiotz taldea igoko da agertokira. Azken horiek plazako giroa berotuko dute, euskal musika eskainiz. Beraz, gustu guztiak asetzeko adina ekitaldi izango dira bai egunez, eta baita gauez ere, Elizondon egingo den 46. Baztandarren Biltzarrean.

Igandera arte ez da jakingo zein izango den orga bakoitzak aurten desfilatzeko aukeratu duen gaia, beraz, antolatzaileek zuzenean ikusteko gonbita egin dute. Gainera, Arizkunenea kultur etxean, bi egunean kartel lehiaketaren erakusketa izango dela jakinarazi dute .

Dokumentuaren akzioak