«Batzuetan aldaketa kasik ikusezinak dira, baina Uztaritzen generoarenak garrantzia hartu zuen»

Alaia Cachenautek Uztaritzeko kaskarotetako emazteen parte hartzeari buruzko tesia egin du, Euskal Kultur Erakundean Cifre kontratua zuela. 2021ean hasi zuen lana, oraindik emazteek parte hartzeko aukerarik ez zutela. Doktoretza tesiaren nondik norakoak azaldu dizkio KAZETAri.

Egilea
Oier Iriarte Arrondo
Hedabidea
Kazeta
Lekua
Uztaritze
Mota
Elkarrizketa
Data
2026/10/28
Esteka
Kazeta
Alaia Cachenaut.
Alaia Cachenaut. (Patxi BELTZAIZ)

Alaia Cachenaut (Uztaritze, 1998) antropologoak 'Uztaritzeko ihauterietako kaskarota bilakatu. Kultura-bizitzan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu, negoziatu eta erabaki' doktoretza tesia aurkeztu zuen ekainean, Tolosako Jean Jaures Unibertsitatean (Okzitania). Kaskarotetako emazteen parte hartzea ikertu du, berezitasun batekin: behin lana hasita, hura ere Uztaritzeko kaskarot egin da. Posizio hori «osoki» asumituz burutu du tesia.

2021ean hasi zenuen tesia, baina oraindik Uztaritzeko kaskarotei buruz izango zela jakin gabe. 

Hori da. Cifre izeneko tesia egin nuen, Euskal Kultur Erakundearekin (EKE). EKEk eman zidan tesiaren gai orokorra: sorkuntza artistikoa eta kultura eskubideak Euskal Herrian. Hortik, nik xerkatu nuen nola lantzen ahal nuen kultura eskubideen gaia Euskal Herriko sorkuntzetan. Gogoeta hori egiten ari nintzela, Uztaritzeko kaskarotei buruz segitzeko aukera izan nuen, emazteak sartzeko proiektua agertu baitzen ber momentuan.

Emazteek kaskarotetan parte har zezaketela onartu zenetik erabakia martxan jarri arte zenbat denbora iragan zen?

Erabakia elkartearen biltzar nagusian hartu zen, 2022ko apirilean. Maiatzean jadanik lehen antolaketa bilkura izan zen, eta neskak 2023ko ihauterietan sartu ziren. Otsailean izan ziren kaskarotak. Ez zen urte bat ere pasa erabakia hartu zenetik integraziora.

Nola egin zenuen ikerketa? Zein metodo erabili zenuen?

Ene berezitasuna zen uztariztarra naizela eta jadanik dantzan ari nintzela elkarte horretan; beraz, leku aski berezia nuen landa lan horretan. Erabaki nuen kokapen hori osoki asumitzea. Parte hartzailea zen behaketa bat egin nuen, eta elkarrizketa batzuekin gurutzatu nuen. Ene landa lana filmatu nuen.

Kaskarotak egitean eta, ondotik, elkarrizketetan, ohartu nintzen bazela etxeekiko jakitate berezi bat; beraz, ihauterien ondotik, mapa parte hartzaileak abiarazi nituen landa laneko bozen biltzeko eta haien biziarazteko, entzunarazteko.

«Erabaki zen gona bat sortzea, edonork galtza edo gona ezartzeko eskubidearekin. Gero, errealitatean, ikusten da ez dela mutikorik agertu gonarekin plazan»

Kultura eskubideak landu dituzu. Kultura eskubidea izan daiteke emazteek kaskarotetan parte hartzeko eskubidea izatea, baina batzuek beren kultura eskubidea eredu tradizionala bere horretan mantentzea dela ere esan dizute.

Bai, eta horregatik biziki interesgarria atzematen nuen Uztaritzeko kaskaroten kasua hartzea. Azkenean, kultura eskubideak nazioarteko eskubideak dira, oinarrizko giza eskubideen barne direnak. Gero, bistan da, bada politikoki nola interpretatzen eta martxan jartzen den eskubide hori. Nik interesgarria atzematen nuen ikustea, eskalaz aldatuz, nola tokian toki ulertua izaten ahal zen kultura eskubideen gaia. Kontraesan horren aurrean nintzen, eta horrela erabaki nuen gai horren aztertzea, interesgarria atzematen nuelako ber eskubidearen bi interpretazio mota ukaitea.

Batzuek esaten zizuten eredu tradizionala mantentzea beren eskubidea zela; baina eredua ez da inoiz bere horretan gelditu, kaskarotak aldatuz joan dira.

Bai. Edozein tradizio edo praktikatan gauzak etengabe aldatzen dira. Badira horrelako aldaketa edo sorkuntza ttipiak, batzuetan kasik ikusezinak direnak, ez baitira kritikotzat ikusten. Eta badira beste aldagai batzuk beste garrantzi bat hartzen dutenak. Hor generoaren aldagaia izan zen, eta hori lotua da Uztaritzeko kaskaroten historiari; baina beste tradizio batean beste aldagai bat izaten ahalko zen problematikoa.

Hori aski interesgarria da; ikustea tradizioak beti aldatzen direla, baina fokua, garaiaren arabera, ez dela ber elementuaren gainean ezartzen.

Hainbeste urteko blokeoaren ondotik, harrigarria da emazteek parte hartu duzuen lehen edizioak gatazka nabarmenik gabe iragatea.

Ez dakit erraten ahal den harrigarria den edo ez. Uste dut jendartearen aldaketarekin batera ere heldu dela. 25 urteko aldarrikapena da; orduan, jendeak 25 urtez gogoetatu du horren gainean. Eta, uste dut erran beharrekoa dela, iristen gara momentu batera geroz eta zailagoa dena erratea: «Ez, guk ez ditugu neskak nahi ez duelako bat egiten gure tradizioaren errepresentazioarekin»; segidan matxista bezala identifikatuak izanen direlako, eta pertsona horiek ez dute beren burua matxista bezala ikusten. Hor bada beste tentsio gune bat: haiek haien burua nola identifikatzen duten, eta haien ekintzengatik besteek nola identifikatzen dituzten. Ikusi dudan beste ikergai interesgarri bat da.

«Gaur egun, jada ez da nesken presentziari buruzko eztabaidarik»

Emazteen sarrera ez zen izan aldaketa bakarra. Horrekin batera, jantzia, dantza, musika eta ibilbidea ere egokitu zenituzten. Tradizioari itxura berri bat eman nahi izan zenioten?

Sorkuntza prozesu hori heldu zen kaskaroten galdekatze batetik. Erran nahi baita, izan zen halako galdera bat: «Gaur egun, zer erran nahi du kaskaroten egiteak?». Beraz, hortik abiatuz, galderak berriz pausatu ziren, kaskaroten erranahia berriz argitzeko taldean eta kolektiboki. Hortik agertu zen, adibidez, biztanleriarekin harremana egitea biziki garrantzitsua zela. Auzo batzuk bisitatzeari utzi zitzaion; auzo berri batzuk ere agertu ziren azken hamarkadetan, eta auzo horiek ez ziren sekula bisitatuak izan. Azkenean, nesken integrazioarekin kaskarot kopurua emendatu egin zen eta ikusi zen aukera biztanle horiengana berriz joateko eta herriaren bisita ahalik eta osoena egiteko. 

Jantziari buruzko gogoeta ere izan zen. «Neskak integratu ditugu; orduan, horrek erran nahi du baitezpadakoa dela beste jantzi bat sortzea edo ber jantzia atxikitzen ahal dugu?». Galdera horri buruzko trukaketa anitz izan ziren; ikuspuntu desberdinak ere bai; eta, ororen buru, erabaki zen gona bat sortzea, edonork galtza edo gona ezartzeko eskubidearekin. Gero, errealitatean, ikusten da ez dela mutikorik agertu gonarekin plazan. Alderantzizkoa izan da, baina minoritatean.

Alaia Cachenaut. (Patxi BELTZAIZ)

Dena den, aldaketa ez da urteko egun bakarrera mugatu. Ihauterietan emazteek kaskarotetan parte hartu ahal izateak aldaketa handiagoa eragin du.

Bai, baina aldaketa hori ez da hainbeste agertu ihauterietan, gehiago agertu da dantza taldearen antolaketan. Erran behar da –eta hori pixka bat ahanzten dugu–, ihauterietan neskek aspalditik hartzen dutela parte, mutikoek parte hartzen duten bezala. Baina bai, badira rol batzuk genero binarismo horren arabera banatuak direnak; adibidez, Uztaritzeko abereak mutikoak dira, eta maiak neskak dira; baina zirtzilak, adibidez, mutiko eta neskak izaten ahal dira, dantzari edo ez dantzari. 1984 eta 1985ean izan zen halako sorkuntza prozesu potolo bat, eta hor jadanik gogoetatu zen herri osoari leku bat uztea eta rol batzuk banatu ziren. Neskek jadanik haien lekua zuten.

Beraz, aldaketa dantza taldearen pentsatzeko maneran eman da, rolen banaketan.

Orain, behin emazteak kaskarotetan parte hartzen hasi zaretela, gatazka bukatu da?

Gaur egun, jada ez da nesken presentziari buruzko eztabaidarik. Onartua den zerbait dela erran dezaket. Hala ere, entzuten ahal dira halako bizpahiru ohar; eta, nesken integratzearen ondorioz, batzuek praktikaren egiteko maneran aldaketa batzuk identifikatzen dituzte; orduan, horiek aipatzen dira. Baina jada ez da neskek kaskarotetan duten presentzia zalantzan ezartzen; edo nik, hasteko, ez dut halakorik entzun.

«2004an Hazparneko taldea ere mistoa bilakatu zen. Bazegoen Uztaritze tradizioaren mantentzen bakarra zenaren ideia, eta halako fama bat lortu zuen»

Gainerako herrietan lehenago hasi ziren emazteak kaskarotetan parte hartzen. Uztaritzen zergatik hasi ziren hain berandu?

Nik ez dut egin ikerketa konparaturik, Thierry Truffaut-ek egin ahal izan duen bezala; baina azpimarratzekoa da mistotasuna ezarri duten kaskarot taldeetan aski usu moztura bat izan zela lehenago; kaskarotak egiteari utzi zitzaion haien herrietan.

Hori da herri batzuen historia; beste herri batzuetan gertatu zena da ez zela mutiko aski, eta, orduan, neskek sartu behar izan zutela. Baina, erran bezala, nik ez dut hori ikertu; beraz, kontatua izan zaidanaz ari naiz.

Uztaritzeren kasuan, justuki, gertatu zena da kasik mozturarik gabeko segipena ukan zuela; eta, 2004an Hazparneko taldea ere mistoa bilakatu zenean, Uztaritze bakarrik gelditu zela horrekin. Bazegoen Uztaritze tradizioaren mantentzen bakarra zenaren ideia, eta halako fama bat ere lortu zuen. Gero, badira tradizioarekiko diren irudikapenak, ondare kultural immaterialarekiko egiten ahal diren errepresentazioak... Horrek guziak eragina izan du segitze horretan.

Azkenean, herri bakoitzak bere historia du, eta dena testuinguru zehatz batean irakurriz, gauzak hobeki ulertzen ahal dira.

Aipatu duzu herri bakoitzak bere historia duela; baina Uztaritzeko kasua, kultura eskubideen aldetik, Euskal Herriko beste ospakizun batzuetarako eredu izan daitekeela uste duzu?

Ez dakit 'eredu' hitza egokia den; baina, hasteko, bada eztabaidaren tratatzeko manera bat aski interesgarria. Ikusten da gazteek nola parte hartzen duten, haien praktika kudeatzen duten, musu truk arituz... ikusten da nola bakoitzak bere ardura hartzen duen tradizio honen mantentzeko, beti beste belaunaldietakoen iritziak kontuan hartuz. 

Hor agertzen da eztabaiden kudeatzeko manera bat, eta hori interesgarria da. Gero, ez dakit erraten ahal den eredu bat denik; azkenean, erran bezala, bakoitzak bere historia eta bere berezitasunak dituelako. Baina, hasteko, interesgarria da ikustea Uztaritzen nola gertatu den eta hortik ikustea zer den interesgarria edo ez beste herri batzuetan baliatzeko.

Aipatu duzu ikerketan irudi batzuk filmatu dituzula. Grabaketa horiekin zer egiteko asmoa duzu?

Tesiarekin bukatu nuen eta plazaratu nuen ikerketa-film bat. Hori bukatua da, eta laster aurkeztuko dut. Baina, justuki, irudi horiekin eta Zukugailuak antolatu zuen Kirikoketa egonaldiari esker ezagutu nuen Tell Me Films ekoiztetxea; eta, geroztik, haiekin ari naiz lanean. Orain beste dokumental bat pentsatzen ari gara.