Dokumentuaren akzioak
Batasun doinuekin dantzan
Musika eta dantza, hiri baten batasuna ospatzeko. Ostegunean, 599 urte beteko dira Iruñeko hiru burguak batu zirenetik, Karlos III.a Nafarroakoak sinatutako hitzarmenaren bidez. Hori izanen da ospakizunaren arrazoia. Eguerdian udalak Iruñeko Zapia emanen die Mai Garde eta Oier Sanjurjo Osasunako kapitain ohiei. Arratsaldean, erraldoien konpartsa, musika eta dantza emanaldiak izanen dira.
Futbola sarituko du berriz ere Iruñeko Udalak, Garderi eta Sanjurjori omenaldia eginez. Udalbatzak aho batez hartu zuen erabakia «haien lana, sakrifizioa eta nekaezintasuna» azpimarratuz, baita «gizarte gaietan» izan duten «parte hartzea» ere: «Modu horretan, gure hiriko haur askoren eredu izan dira eta izanen dira, balio positiboen erreferentetzat baitauzkate». Biek uda honetan utzi diote Osasunako kapitain izateari. Saria 12:00etan emanen diete, Iruñeko udaletxeko harrera gelan, eta, zapiaz gainera, Burguen Batasuna irudikatzen duen eskultura bat ere emanen die alkateak.
Karrikakoak arratsaldez izanen dira, dena den. 17:00etan, erraldoien eta buruhandien konpartsa ariko da Alde Zaharreko karriketan barrena dantzan. 17:45ean, udalbatzarekin elkartuko dira, eta, dantzariekin batera, katedralerako bidea eginen dute, San Saturnino karrikatik abiatuta. Katedralean, Karlos III.a Nafarroakoari lore sorta eta hil otoitza eskainiko dizkiote udalbatzako kideek. Katedraleko musika kaperak emanaldi txiki bat eginen du han.
Ondoren, desfileak udaletxerako bidea hartuko du. Han, erraldoiak eta Duguna taldeko dantzariak ariko dira dantzan. 19:00etan espero dira dantza horiek. Plazan dantzatu ondoren, erraldoiek autobus geltokirako bidea hartuko dute berriz, eta bidea dantzan eginen dute. Eguneko azken ekitaldia iluntzean izanen da: 20:30ean, Pamplonesa udal musika bandak eta Iruñeko Orfeoiak kontzertua eginen dute Gazteluko plazan.
Ospakizun ekitaldiak ez dira soilik ostegunean izanen. Larunbatean, Paulino Otamendi ganberako orkestrak kontzertua emanen du, 12:00etan, Kondestablearen jauregian. Igandean. San Lorentzoko dantzariak aterako dira karrikara, eguerdian. Azkenik, Jostakin taldeak antzezlan bat aurkeztuko du astelehenean, euskaraz.
Batasunaren historia
Karlos III.a Nafarroakoak sinatutako Batasunaren Pribilegioari buruz, eta oro har Nafarroako hiriburuari buruz gehiago jakiteko, bisita gidatuak antolatu dituzte Iruñeko udaletxean. Atariko inskripzioak zera dio latinez: Patet omnibus jauna, cor valde magis (Atea guziei irekia da, baina, batez ere, bihotza). Hala, udaletxeak parez pare irekiko ditu ateak ostiralera arte, eta egunero eginen dira bisitak. Euskaraz 18:00etan dira, eta aldez aurretik izena eman beharra dago, udaletxera deituta edo udalaren webgunean sartuta. Eraikinaren ezkaratzean Batasunaren Pribilegioaren faksimilea, udal boterearen zilarrezko mazoak eta hiriko giltzak ikusiko dituzte bisitariek, besteak beste.
Batasunaren Pribilegioa
Ostegunean, egun osoan, Iruñeko Alde Zaharrean.
Dokumentuaren akzioak