Dokumentuaren akzioak
Basterretxeak dantzariei egindako eskulturak, ikusgai
Segurako dantza txapelketarako egindako zazpi artelan erakutsiko ditu hango kultur etxean larunbatetik aurrera
Nestor Basterretxeak Segura herriarekin urteetako lotura
dauka. Seguran, 1977. urtean Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa
lehen aldiz ospatu zen eta Nestorrek eskultura bat egin zuen irabazleek
ordezkatzen zuten herriko Udalarentzat izango zena, beti ere, hirutan
jarraian irabazi ezkero edota 5 urtean 3 aldiz. Horrela bada, 33 urte
hauetan, Lezo, Donostia, Hernani, Azkoitia bitan eta Bergarako
Udaletxeetara joan dira eskultura horiek.
Beti musutruk
Guztira zazpi eskultura landu ditu artista honek eta beti
musu-truk gainera. Segurako Udalak, 2009an, eskultura guztiak elkartu
eta kopiak egin zituen herrian gordetzeko helburuarekin. Hain zuzen ere,
zazpi eskultura horiek dira larunbatetik aurrera ikusgai egongo direnak
herriko kultur etxe berrian, azaroaren 13ra arte.
Astelehenetik ostiralera 17:30etatik 19:30etara egongo da
zabalik erakusketa, eta asteburu eta jai egunetan 18:00etatik
20:00etara.
Bestalde, 2003an esan zion Segurako Udalak
Basterretxeari eskulturaren bat jartzeko herriko kaleren batean.
Azkenean Frontoi Zaharra aukeratu zuten kokaleku- tzat, eta artistak
burdinazko pieza egin zuen, izen honekin bataiatu zuelarik: 'Segura,
erasotzaileengandik libre bizitzearen alde borrokatu zutenen omenez'.
Herrikoplazan dagoen beste eskultura hori, berriz, ez da finkoa. Kultur
etxeko erakusketa irauten duen bitartean bakarrik egongo da han.
Gainera, urriaren 16an, Aterpetxean, 'Amalur' filma
eskainiko da, Nestor Basterretxea bertan dela, bukaeran solasaldia
egingo delarik.
Aurtengo udan Baionako bi aretotan erakutsi ditu
Basterretxeak bere lanak, Euskal Museoan eta Carré Bonnat delakoan. Eta
iaz, berriz, Arantzazuko kriptan albiste handia izan zen: berriz ere
inauguratu ziren Bermeoko artistak han aspaldi egindako margolanak.
Dokumentuaren akzioak