Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baso-Txoritxu Dantza Taldearen ibilbidea gogoratuko dute Ibarruriko Dantzari Egunean

Dokumentuaren akzioak

Baso-Txoritxu Dantza Taldearen ibilbidea gogoratuko dute Ibarruriko Dantzari Egunean

Egilea
Aintzina Monasterio Maguregi
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Muxika
Mota
Albistea
Data
2024/10/10
Lotura
Busturialdeko Hitza

Zapatuan (urriak 12) taldeko ume eta gazteek eta garai batean ume eta gazte izandakoek elkarrekin errepasatuko dute dantza taldearen ibilbidea. “1999. urteko otsailean izena eman genuen Bizkaiko Foru Aldundian, baina bost bat urte lehenago hasi ginen. Hiru hamarkada baino gehiago dira, baina, orain arte ez dugu urteurrenik ospatu. Gu umeak ginenean ere, 60-70. hamarka bitartean, Baso-Txoritxu izena zeukan taldeak. Txomin Unzalu eta Mari Karmen Uranga etortzen ziren Ibarurrira dantzak irakasten, eta, hiruzpalatu urtez ibili ginen. Herrian dantzatzeaz gain, esaterako, Busturira, Lekeitiora eta Basaurira joan ginen dantzatzera”, gogoratu dute.

Elkarrekin dantzan. 60 bat dantzarik beteko dute frontoia, eta urtero legez, txistulariez gain, herriko abesbatzaren laguntza edukiko dute. 13:00etan hasiko dute emanaldia, eta hamar bat dantza eskainiko dituzte; horietako batzuk, gainera, elkarrekin dantzatuko dituzte. “Denak elkartzea eta egun polita pasatzea da helburua, taldean ibilitako denak batzea ezinezkoa izan da, baina belaunaldi asko batuko gara, eta ederra izango da”.

Taldearen ibilbidean, hamaika dantza ikasi dituzte, eta horien artean lagina aukeratzea ez da erraza izan. Dantzari Dantzan, Agintariena, Banangoa, Txotxongilo eta Ezpata Nagusi dantzatuko dituzte, eta ondoren, Gorulari, Gipuzkoako Zinta Dantza, Axuri Beltza eta Mariana. Jarraian, egungo dantzarien gurasoek dantzari egunerako prestatutako koreografia osatuko dute, eta horien seme-alabek ere eskainiko dute euren koreografia berezia. Gero, dantza bertikalagaz biribilduko dute ekitaldia; hori izan zen iazko berritasuna, eta aurten ere ikuskizunari amaiera ederra emango diola ziurtatu dute.

Aurten ere berritasunik ez da faltako; izan ere, bingo musikatua izango dute bazkalostea girotzeko, eta gauean, berriz, Play-back Txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Lekeitioko Gauargi erromeria taldeak hartuko du arratsalde eta iluntze partea musikatzeko ardura. 

Egitaraua:

  • 12:30. Txupina.
  • 13:00. Baso Txoritxu Dantza Taldearen emanaldia, abesbatzarekin batera: umeak, gazteak, nagusiak, dantza taldeko umeen gurasoak eta dantza bertikala.
  • Ostean. Herri Bazkaria.
  • Bazkalostean. Bingo musikatua.
  • 16:00. Zirko tailerra umeentzako.
  • 19:30. Erromeria, Gauargi taldearekin.
  • 22:00. Playback txapelketa.
  • Amaitzeko. Txokolatea eta su artfizialak.

Dokumentuaren akzioak