Oi lur ikuskizuna eskaini dute gaur Azpeitiko Soreasu antzokian. Sahatsa dantza taldeko, Azpeitiko Udal Musika Bandako, Julian Barrenetxea abesbatzako, Azketa ahots taldeko, Lazkaoko Kantaka taldeko, Ormaizteko Urmaiz abesbatzako nahiz Aita Donostia koruko kideek parte hartu dute emanaldian, eta ordubete iraun duen ikuskizun ederra eskaini dute. Jende ugari bertaratu da Soreasura emanaldia ikustera.
Baserri munduan girotutako lan artistikoa aurkeztu dute Soreasuko oholtza gainean elkartu diren ehun lagun inguruk. Baserriko lanen koreografiak modu desberdinetan interpretatu eta erakutsi dituzte Sahatsako dantzariek, emanaldi ikusgarria eskainiz. Dantzak janzkera eta koreografia dotoreekin erakutsi dituzte, eta koreografiei beste gorputz bat eman diete Azpeitiko Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak.
Honako hauek izan dira eskaini dituzten piezak:
- Txantxon Piperri (Zapirain) – Julian Barrenetxea, musika banda eta Sahatsa.
- Urrundik heldu naiz (B. Lertxundi) – Sahatsa.
- Bihotz bat (P. Sorozabal) – Julian Barrenetxea.
- Esne banatzaileak (Tagaeri – X. Zabala) – Sahatsa.
- Eskalapoin dantza (Herrikoia) – Julian Barrenetxea eta Sahatsa.
- Polka anticólera (J. Erviti) – Musika banda.
- Segalariak (J. Elverdin) – Julian Barrenetxea eta Sahatsa.
- Rapsodia vasca (P. Sorozabal) – Julian Barrenetxea eta musika banda.
- Fandangoa – Sahatsa.
- Aita San Antonio – Julian Barrenetxea eta Sahatsa.
- Bigarrez kalez kale (P. Sorozabal) – Julian Barrenetxea, musika banda eta Sahatsa.
Joan zen asteburuan hasi zen Azpeitia Dantzanen aurtengo aldia, Luis Alberdi Beltzaren dantza eskoletako eta Juan Antxieta musika eskolako kideen. Gaurkoa izan da bigarren emanaldia, eta hilaren 9an, Jose Mari Orbegozoren areto dantzen eskolako kideen txanda izango da. Uztailaren 16an Itsasi dantza taldeak itxiko du 2023ko Azpeitia Dantzan egitasmoa.