Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Basandereen lehen ateraldia Oztibarren izatea inportantea da»

Dokumentuaren akzioak

«Basandereen lehen ateraldia Oztibarren izatea inportantea da»

Hamabost neska dira Basandereak Oztibarreko joaldun taldean, eta horietan dira Xaxi Erdozaintzi-Etxart (Donaixti-Ibarre, 1999) eta Jenofa Erdozaintzi-Etxart (Bunuze, 2003). Azaroaren 2an, Larzabaleko Espelletenean antolatuko den Debrien Figurak eguna kari, lehen ateraldi «ofiziala» eginen dute. Beste ateraldi batzuen proposamenak ere ukan dituzte, baina datarik ez dute finkatu oraino. Aldiz, argi dute ez direla zikiroetara joanen, adibidez, haien joareak kultur egitasmoekin lotura duten topaketetara eraman nahi dituztelako. Emazteek soilik osatzen dute taldea, oraingoz, baina diote «ateak irekiak» direla eta gizon batzuek parte hartzeko interesa agertu dutela.
Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Tokia
Oztibarre
Mota
Albistea
Data
2024/10/25
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Nondik heldu da Basandereak joaldun taldea sortzeko ideia?

JENOFA ERDOZAINTZI-ETXART: Bi pertsonaren ideia izan zen joaldun talde bat sortzea, lagun talde batean aipatu zuten, eta motibatuak ginen. Naturalki, hamabost neska ginen, baina ez gara batere itxiak gizonak sartzeari.

XAXI ERDOZAINTZI-ETXART: Batzuek bazuten ideia hori egiteko, hemen ez baitzen joaldunik ageri. Laborantza munduan bizi gara, halere, eta joareak ikusten ditugu egunerokoan. Gogoa bazen talde bat osatzeko eta dinamika berri bat sortzeko.

JENOFA: Ikusten dugu beste joaldunak Hegoaldean direla, bereziki; Iparralde barnealdean ez da batere. Eta beste joaldun taldeetan gizonak dira sustut, eta horrekin ere desberdintzen gara.

Iragan astean ogitartekoak saldu zenituzten taldea ekonomikoki sostengatzeko. Nola joan zen?

XAXI: Biziki ontsa. Ni harritua izan naiz. Espero nuen jendea izanen zela, baina hainbeste ikusteak plazer egiten du. Beti hitz ederrak zituzten. Uste dut kontent direla.

JENOFA: Dinamika berri bat delakoz, kulturari lotua. Denek galdegin dute noiz izanen den gure lehen ateraldia.

Azaroaren 2an, Larzabalen, Debrien Figurak egunean, taldearen lehen agerraldi ofiziala izanen da?

XAXI: Bai, orain arte beti beste jendeekin ari izan baikara. Erritmoa markatzeko beti baziren usaia bazuten jendeak.

JENOFA: Orain guk dugu erritmoa eman beharko.

Kasualitatea da egunaldi transfeminista batean izatea lehena edo zuen balioei lotua da?

XAXI: Biak. Egia erran, lehen ateraldia Oztibarre Egunean egin nahi genuen, baina ez ginen prest. Pusatu dugu, data hori erori da eta egia da gure izpirituan sartzen dela.

JENOFA: Eta gure balioekin ontsa erortzen zen. Eta lehen ateraldia Oztibarren izatea inportantea zen.

Joaldunak giro desberdinetan ikusten dira, badira mota desberdinetakoak ere… Nolako joaldunak zarete?

JENOFA: Bere elementu inportanteenetariko bat izpiritu txarren kanporatzea da. Horrekin hasirik, erranen nuke joaldunaren pertsonaiak segurtasuna eta babesa ekartzen dizkiela herritarrei edo ondoan diren jendeei.

XAXI: Gauza bera pentsatzen dut. Eta, bestalde, Korrikan parte hartu genuelarik, adibidez, ikusten dut gauza seriosa dela joalduna; joaldun tradizionalak biziki seriosak dira. Gu heldu gara horren haustera, Basandereak basago izanen gara, eta seriostasuna haustera, nahiz eta seriosak garen.

JENOFA: Ez gara isilik egonen: oihuak izanen dira.

XAXI: Zirtzilen oihuak!

Nola ikasten da joaldun izaten?

XAXI: Hasi ginen Donapaleuko Kilimon taldearekin eta han aritu ziren batzuekin; anitz lagundu gaituzte hastapenean. Gero xantza ukan dugu, Anhauzeko Basaldunekin harremanetan sartu ginen eta anitz segitu gaituzte. Haiekin dugu ikasi gehienbat: joareak prestatzen dizkigute, irakasten digute joareak nola lotu… Korrikan haiekin aritu ginen.

JENOFA: Eskuin-ezker hartzen ditugu beste taldeen jakitateak, eta hola, guk egiten dugu gurea.

Fisikoki zaila iduri du.

XAXI: Intentsoa da, halere; hortik izerditan ateratzen zara eta bihotza ere ari zaizu azkar.

JENOFA: Inportanteena aitzineko prestaketa da, nola lotua zaren. Gure urratsa da zangoak plegatzea, eta altxatzean du joareak jotzen; beti azpiak ditugu baliatzen.

XAXI: Joareak nola sentitzen dituzun, tinki edo ez, oreka baduzunetz, hori da inportantea.

Kanpotik ikusirik iduri luke talde kohesioa inportantea dela. Alderdi hori lantzen duzue?

XAXI: Egia erran, Oztibarreko bestetan edo egiten ditugun ekitaldietan, ez da biziki ederra hola erratea, baina beti berdinak gara; orduan, usu elkar ikusten dugu, aski ontsa ezagutzen dugu elkar. Besta gehienak elkarrekin egiten genituen jadanik. Naturalki egin da, eta naturalki egiten da oraino.

Askaot ikusgarrian ere ari zineten gehienak. Justuki, dinamika desberdinetan aritzea posible da? 

XAXI: Bai, posible da! Badira aste zail batzuk; sustut, emanaldien aitzineko aste horiek intentsoak dira. Gero pixka bat lasaitzen dugu erritmoa eta beste gauzetan kontzentratzeko denbora badugu.

JENOFA: Nahikeria baldin bada, egiten ahal da!

Dokumentuaren akzioak