Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bartzelonan aurkeztu du 'Lanabesak' lana Alurrek

Dokumentuaren akzioak

Bartzelonan aurkeztu du 'Lanabesak' lana Alurrek

Ikusleen aldetik harrera «oso ona» jaso zuten dantza taldekoek

Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Tokia
Ibarra
Mota
Albistea
Data
2015/12/11
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Bartzelonan izan da pasa den asteburuan Alurr dantza taldea. Bertako Euskal Etxearen laguntzaz, hiriburuko Espai Jove La Fontana aretoan Lanabesak ikuskizuna aurkeztu dute. Urrian Tolosan aurkeztu zuten eta bertan «dantza ezberdinen bitartez euskal kulturako parte diren lanbide eta tresnak» aurkezten dira.

Ostiralean abiatu ziren Kataluniara autobusez Ibarratik, 22 dantzari gazte eta laguntzera animatu ziren beste 10 taldekide. Larunbat goizean heldu ziren Bartzelonara, eta egunean bertan prestaketak egin ondoren, 19:30ean ekin zioten emanaldiari.

Ofizio ezberdinetan erabiltzen diren tresnak, lanabesak, sarri Euskal Herrian «folklorearekin lotzen» dira, eta musika tresna gisara nahiz dantzetan duten protagonismoa azaleratu nahi izan dute Alurren. Iñaki Agirre eta Aiert Beobidek gidatutako koreografietan lanbide desberdinak aurki daitezke: arrantzale, batelari, jostun, nekazari, abeltzain, arotz, edo forjariak ikus daitezke.

Publikoaren harrera «oso ona» izan zuen ikuskizunak, eta amaieran ikusleak «zoriontzera eta emanaldia eta gure tresnei buruz galdetzera» hurbildu zitzaizkien.

Era berean, bidaia «aprobetxatuz», hiria eta bertako eskaintza kulturalaz gozatu ahal izan zuten. Ibarrara bueltan «balorazio oso positiboa» egin dute lana erakusteko aukera izanagatik, baita bidaian izandako talde-giro eta esperientziagatik ere.

Dokumentuaren akzioak