Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Barren koronabirusa Elgoibarko Nazioarteko Folklore jaialdia ere bertan behera

Dokumentuaren akzioak

Barren koronabirusa Elgoibarko Nazioarteko Folklore jaialdia ere bertan behera

Komunikabidea
Barren
Tokia
Elgoibar
Mota
Albistea
Data
2020/05/13
Lotura
Barren

2020 05 12 2019 07 19 folklore elgoibar jaialdia sri lanka sama ballet

Erabakia hartzea "oso zaila" egin zaiela aitortu arren, Nazioarteko Folklore Jaialdia bertan behera uztea erabaki du Haritz Euskal Dantzari Taldeak.

 Osasun agintarien gomendioetan oinarrituta hartu dute Elgoibarko Folklore jaialdia bertan behera lagatzeko erabakia. Uztailaren 24an ziren egitekoak jaialdiaren 34. ekitaldia.

"1987an, orain dela 33 urte, mundu zabaleko taldeak gonbidatu genituen, hala, Nazioarteko Foklore Jaialdia ospatu genuen Elgoibarren lehenengoz. Garai haietako baliabide faltaren ondorioz, munduko txoko ezberdinetako taldeek bidaia luze eta nekagarriak egin behar izaten zituzten Portugaletera iristeko. Gaur egun, bidaiatzea errazagoa den garai hauetan, nazioarteko taldeak etxekotzat izaten ditugu. Aurten, ordea, Covid-19aren eraginez, muga geografikoez gain, osasun-mugak ditugu. Ondorioz, talde internazionalek ez dute posible izango gurera etortzea. Hau dela eta, ezin izango ditugu geure kulturak elkartrukatu", azaldu dute Haritz dantza taldeko arduradunek.

Normaltasun ezezagun baterantz bagoaz ere, eta uztaila urruti ikusi arren, ezin diotela Nazioarteko Folklore Jaialdiari eskatzen dien esfortzu, denbora eta dedikazio-maila altua eskaini esan dute.
Jaialdia prestatzerakoan izaten dituzten bizipenak kontatu dituzte taldekideek, bistaratzeko halako jaialdia antolatzeak duen hilabetetako lana eta zenbat lagunen lana eta laguntza behar den. Hona zabaldu duten idatzia:

Dantza taldeko kideok familia txiki bat gara eta ekitaldi hau dotoreziaz burutzeko lan handia egin behar dugun arren, azken hilabeteetako entsaio kopuruek gure arteko harremanak estutzen dituzte. Ekitaldearen egunean ez gara dantza egitera soilik mugatzen, oholtzaren muntaiaren parte izaten baikara, kamioia hustu, argiren bat kokatu.. beti ere, teknikoei lagunduz eta gure alea jarriz. Honela, azken entsaioa argi, soinu, apaingarri eta Garazi Ayesta aurkezlearekin egiteko ohorea izaten dugu (batzuetan ikusleak ere izaten ditugu).

Jaialdi eguna urduritasun apurtxo batekin hasten dugu, goizeko 10:00ak inguruan elkartu eta edozer egiteko prest egoten gara, oholtza eta aulkiak jarri ahala garbitu (disdira ateratzen saiatzen gara, zaila izan arren), Pitxintxu liburu-dendara urteroko bisita egin kanpotarrei ematen dizkiegun zapi eta txapelaren bila, Jasone inprentara joan esku-programen bila, Maala inguruko zutabeeetan kartelak jarri… Aipatutako guztia egin osteko kafea eta mokadutxoa ere faltan botako ditugu.

Lasaitasun itxurarekin bazkaldu eta urduritasuna baretzen saiatzen gara (edota gero erabili behar ditugun arropak lisatu).

Arratsaldearekin batera, oholtzan elkartu ohi gara berriz ere. Bertan izaten ditugu zain Kala lora-dendakoak dantzalekua apaintzen. Ondoren, Maalako ermitan gure arropak utzi eta beharrezkoa zaigun dena ekarri dugula berresten dugu. Hori bai, 30 minutu izaten ditugu arropak gauerako prestatu, tokia egokitu eta ermita ixteko.

Portugaletekoen deia jasotzen dugu bidean direla jakinarazten. Bi taldekide autobideko sarrerara joan ohi dira dantzarien bila bidean galdu ez daitezen, urteroko auto ilarak sortzen ditugu Maalan (eskerrak udaltzaingoa izaten dugun lagun), autobusak azkar hustu eta Mintxeta ingurura eramaten ditugu gure herria erakutsiaz.

Malape tabernako kafea hartuaz, dantza talde gonbidatuek gauean eskainiko diguten emanaldiaren entsaioa ikusi eta txalo batzuk jotzen ditugu. 18:30ean, herriko kaleetan zehar Udaletxe aldera hurbiltzen gara urteko gonbidatuei udalaren eta gure dantza-taldearen eskutik ongi etorria emateko. Herriko kaleetan barrena gabiltzan bitartean laguntzaile bikainak izaten ditugu geure arropa eta materiala zaintzen. King-kong tabernaren atzealdeko geldialdian, ohiko dugun argazkia ateratzen dugu talde guztiek batera afaltzen hasi aurretik. Zein ederki zaintzen gaituzten katekistek eta zein goxoa egoten den Jubilatuen Egoitzako oilaskoa! Aurten, faltan botako dugu katekistek herrialde ezberdinetako taldekideekin harremanetan jartzeko erabiltzen dituzten keinu guztiak ere.

Jaialdiaren momentua iristen denean urduritasunak hartzen gaitu berriro ere, apaindu beharra, galtzerdiak falta zaikiola norbaiti, prakak hautsi zaizkiola besteari… baina oholtzara igotzerako, denok prest egoten gara. Ordu eta erdian ikusleak adi eta dantzariok fin aritzen gara.

Emanaldia bukatu bezain laster, taldeko argazkia, familiakoei eta lagunei kaso egiteko momentua, eta nola ez, oholtza guztia jasotzeko unea iristen da. Arropa zaharrak eta oinetako gogorrak jantzi eta ahal bezain laster, material guztia kamioi barruan sartzea nahi izaten dugu ondorengo festan zer izango ote den gure artean hitz eginez.

Eskerrik asko urtero laguntzen gaituzuen guztioi. Baita zuei ere, urtez urte ikusle fidel zaretenoi.

Mila esker eta datorren urtera arte!

Bitartean, bizi dantzan!

Haritz EDT

2020 05 12 2019 07 19 folklore elgoibar jaialdia haritz edt kaxarranka

Dokumentuaren akzioak