Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Banakoaren erritmoan, dantzariak desafioan Biarritzeko Maitaldian

Dokumentuaren akzioak

Banakoaren erritmoan, dantzariak desafioan Biarritzeko Maitaldian

Euskal Herriko lau dantza konpainia desafioan elkartuko dira bihar bukatuko den Maitaldia festibalean. Azken egun honetan, hiriko karriketan zehar izango diren dantza erakustaldietan ikusleak ere «Banako Battle» horietan parte hartzera gomitatuak izango dira. Lapurdiko Maritzuli eta Oldarrarekin batera Donostiako Argia eta Berrizeko San Lorentzo dantza taldeak arituko dira. Giroa bertsoekin berotuko dute Sustrai Colina eta Odei Barrosok.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2017/09/16
Lotura
Gara

«Herriko bestetan egiten den bezala, Maitaldia ere desafio baterako plaza bilakatu nahi izan dugu, Banako dantzaren inguruan», azaldu zuen Claude Iruretagoyenak, Maritzuli dantza taldeko zuzendari artistiko eta Biarritzen elkarlanean egingo den “Banako Battle” emanaldiaren antolatzailea. Dantzariei lagunduz musikariek zuzenean joko dute eta bertsolarien kronika izango da.

Bizkaiko dantzaren ikusgarritasuna nabarmendu zuen Iruretagoyenak, horren aukera azaltzeko: «Banakoa hautatu genuen jendeari interesatzen zaiolako, urratsetan indar handia baitu. ‘Artazia’ mugimendu ikusgarria da, Eresoinkatik eta gaur egungo Kukaira, inork ez du urrats hori alde batera utzi. Oso kementsua da».

Lau taldeak lehenik hiriko gune ezberdinetan arituko dira bakarka, ondoren Bellevue plazan “battle” edo desafioari paso eman baino lehen. 16.30ean Maritzulik Gare du Midiko zelaigunean “Erregelak” sokadantza aurkeztuko du. Horren bitartez, Maitaldiko sortzaile eta urteetan Biarritzeko zinegotzi abertzale izan den Jakes Abeberry omenduko dute taldekideek.

Donostiako Argia taldea “Almute dantza” obrarekin helduko da Lapurdira. Iruretagoyenak «zortzi dantzari miresgarri dituen sorkuntza ikusgarri bat» dela esanez definitu zuen obra. Koreografia sortu duen Juan Antonio Urbeltzek teknikoki abilezia handia duten dantzariek beren gaitasunen arabera garatutako urratsak direla azaldu zuen: «Nik funtzionamendu eta elementu basikoak ematen dizkiet, eta mutilek beren trebetasunen arabera garatu dute. Ez da inprobisazioa, ideia orokorra eta egitura ematen baitiet, baina ez da koreografia itxia».

Ideia Bulgaria aldean laborantza tresnekin egindako dantza batetik heldu zitzaion Urbeltzi, hortik abiatuta Joxe Ulibarrena eskultorea ikustera joan zen eta, zekaleen kopurua neurtzeko ontziak oinarri hartuta, gero eta txikiagoak egiten diren objektuak baliatu zituen dantzaren oinarri gisa.

Musika ere moldatu dute lanerako, alde batera utzita zegoen Berrizeko “Biñango zarra” hartu zuten eta moldaketa batzuk egin zizkioten koreografoaren semeak eta emazteak, Mikel Urbeltzek eta Marian Arregik. Azken biak zuzenean biolina eta akordeoia jotzen ere izango dira dantzariekin batera bihar.

Berrizeko San Lorentzok, banakoaren jatorriko lurraldetik etorrita, zortzi dantzariz osatutako taldea aurkeztuko du Merkatuko plazan. Maitaldian eskainiko duten emanaldi honekin agertu nahi den historiaren testigantza eskaintzeko hautatua izan da.

Etxean dantzatuko du azken taldeak, Oldarrak. 2014an zendu zen Koldo Zabalari omenaldia egiteko hautatutako lana aurkeztuko du. Taldeko zuzendari artistikoa izandakoak egindako “Gernika” balletaren zati bat emango dute.

Ikusleak, dantzari

Bostetan, lau taldeak, musikariak eta dantzariak Bellevue plazan elkartuko dira. Bertan talde bakoitzak banaka beste guneetan aurkeztutako obrak berriz errepresentatuko ditu. Desafioak horrela bi mailatan zertuko dira, lehenik taldeen artean, eta jarraian, ikusle artean dauden norbanakoei txanda utzita.

«Banakoa oso ezaguna da, dantza talde guztietan txikiei erakusten zaie. Hori dela eta ikustera hurbilduko direnen artean dantzariak egongo direnez, haiek ere desafioan parte hartzera gomitatuak izango dira», baieztatu zuen Maritzuliko zuzendari artistikoak.

Dantzariak lagunduz eta ikusleak animatuz Odei Barroso eta Sustrai Colina bertsotan arituko dira. «Komentarista lana egingo dugu, dantzarien lanetik abiatuta saiotxo bat osatuko dugu», baieztatu zuen Xilaba-ko txapeldunak. Aldi berean, saioak diziplina ezberdinen arteko jolaserako aukera ere emango duela espero duela gaineratu zuen Colinak.

Obra honen bitartez euskal dantzek «espazio publikoa okupatu, jendea interpelatu eta hiria piztu» nahi dute. Bereziki Maitaldiaren baitan, non mundu osoko eta estilo ezberdinetako dantzak atzeman daitezkeen bihar arte.

0916_kul_maitaldia

Dokumentuaren akzioak