Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baluarte intzestuz eta amodioz beteko du Julio Boccaren azken saioak

Dokumentuaren akzioak

Baluarte intzestuz eta amodioz beteko du Julio Boccaren azken saioak

Munduko dantzari onenetakotzat hartua den Julio Bocca-k agur esango die eszenatokiei "Adiós hermano cruel" lanaren bidez. Gurean, Baluarten eta Arriagan izango da argentinarra ikusteko azken aukera.

Egilea
A.A.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/03/02

Agurrerako «Adiós hermano cruel» lana hautatu izanaren zergatiagatik galdetuta, Boccak esan du harridura sortzea gustuko duela: «Obra berria da, zerbait ezagunagoa izango zela uste zen. Ezagutzen nautenek badakite ez dudala beti egin nigandik espero zena, baita harridura sortzea gustuko dudala ere. Hautatu dudan obra oso interesgarria da; dramatismoz eta kalitatezko musikaz betetako istorioa».

Ana Maria Stekelman koreografoak, Lito Vitale musikariak eta Elio Marchi gidoilariak John Ford antzerkigile ingelesaren «It's pity she's a wore» -Giuseppe Patroni Griffik zinemara eraman zuena- lanean oinarrituta eraiki dute obra. Bertan, Marco (Julio Bocca) eta Lucia (Eleonora Cassabo) anai-arreben maitasun istorioa, elkar ikusi gabe hamar urte igaro ostean sortzen dena, antzezten da. Gurasoek Lucia beste gizon batekin ezkontzera behartu eta, honek, Marcoren haurra sabelean daramala, hil dezala eskatuko dio maitaleari.

Bilbon jasoko du Max saria

Estatu espainolean antzerkiari ematen zaizkion sari garrantzitsuenak dira Max sariak eta, aurtengoan, Arte Eszenikoen Sari Hispanoamerikarra Julio Boccari ematea deliberatu dute, dantzaren arloan egin dituen ekarpenak direla-eta. Profesional gisa aritu den hogeita bost urteetan munduko areto garrantzitsuenetan eta dantzari onenekin batera aritzeaz gainera, besteren artean, Ballet Argentino konpainia eta dantza eskola sortu zituen jaioterrian. Saria apirilaren 16an jasoko du, Euskalduna Jauregian.

Ekainean utzi zuen American Ballet Theatre hogei urteren ostean eta bere azken agerpena abenduaren 22an izango da, Buenos Airesen jasoko duen merezitako omenaldian. Horren ostean «Julio Bocca berria» izango dela ziurtatu du eta bere ilusioa «ohetik jaiki eta ezer egin beharrik ez izatea» omen da. Zeregin bakarra izango duela aitortu du; aspaldidanik buruan duen Antartikorako bidaia egitea. «Orain joan behar dut, izotza urtu baino lehen. Esperientzia ikaragarria dela esan didate eta lekua oso ederra. Punturen batean zerumuga makotua ikusten omen da».

Dokumentuaren akzioak