Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Balore unibertsalen defentsa ‘Simone Veil’ pastoralean igandean

Dokumentuaren akzioak

Balore unibertsalen defentsa ‘Simone Veil’ pastoralean igandean

Komunikabidea
Naiz
Tokia
Muskildi
Mota
Albistea
Data
2022/07/22
Lotura
Naiz

Mustraka orokorra egin zuten muskildiarrek joan den asteburuan.

Mustraka orokorra egin zuten muskildiarrek joan den asteburuan. (Guillaume FAUVEAU)

Muskildiarrek ‘Simone Veil’ pastorala igande honetan estreinatuko dute, Maite Davant errejentaren gidaritzapean, Battitta Berrogainen testuari jarraikiz, eta Sophie Larrandabururen kantuak interpretatuz. Hiru emanaldi izango ditu antzezlanak, tradizionalik egiten diren biak beharrean, ikusleen kopurua betiko 3.500etatik 2.000ra jeitsi dutelako aurten. Engaiamendu eta balore unibertsalen defendatzailea izan zen emakumea da aurten protagonista.

Muskildin dena prest dago igandean pastoralaren maitaleei harrera egiteko. Joan den igandean egin zuten azken mustraka, arropa bereziekin, eta Davanten arabera dena ongi joan zen: «Iruditu zitzaidan jokalariak hobeki sartu zirela beraien pertsonaietan horri esker».

Jokalariak 95 dira aurten, eta justuki errejentak, azken hilabeteetan egindako lanaren parte zailena hori kudeatzea izan dela baieztatu du: «Zailtasun handiena izan da sozial mailan, pertsonen kudeaketan, gero gauzak argituta, harrera bikaina izan dut, taldea biziki baikorra izan da».

Lehen aldia da Davant zuzendari lanetan aritzen dela, nahiz eta lehenago beste lau pastoraletan parte hartu duen: «Hastapenean testatu naute, ea zer egiten nuen, batzuk zailtasuna izan dute sinisteko, baina gero ongi pasatu da». Lehen aldia da ere emakume batek Zuberoako pastorala ofiziala zuzentzen duela, baina horrek eraginik ez duela izan baieztatu du.

Lan berri horretan Berrogainen laguntza handia jaso duela nabarmendu du, aurtengo pastorala idazteaz gain, errenta izandakoa ere badelako, besteak beste iaz Ürrüstoin egin zen ‘Abdelkader’ obran. «Talde lana izan da, beti laguntza izan dut, eta sostengua erakutsi didate» aipatu du musika zuzendariaren eta dantza irakasleen ekarpena ere aipatuz.

Zuzendari guztiek bezala, bere ukitua eman dio pastoralari: «Nik proposamenak egin ditut asmatzen nuen bezala, baina ez dakit hori berrikuntza bezala ikusten ahal den. Ni kargu horretan izatea da berrikuntza handiena». Testuari garrantzi handia emanik, aldaketa txiki batzuk egin ditu bai, baina horrek zerbait berezia ekartzen duen, ikusleek erabaki beharko dutela baieztatu du.

Apartekoa badena, aurtengo protagonista edo sujeta da. Urtero pertsona nabarmena den arren, aurtengoa emakumea dela azpimarratu behar da, gutxitan izaten baita horrela, eta are gutxiago garaikidea, 2017an zendu zena. Veilek bizitza gogorra izan zuen, eta arras ekintzailea izan zen. Besteak beste, gaurkotasun handia duen abortuaren gaia pastoralean agertzera ekarriko du, bera izan baitzen Estatu frantsesean horren legea aurrera atera zuena Osasun ministroa izan zen bitartean. Ordutik goiti emakumeen diskriminazioen kontrako borrokan erreferentea izan zen.

Pastoralak agerian emanen du izan zuen ibilde luze eta latza, 16 urte zituelarik Auschwitzeko konzentrazio eta sarraski esparrura eramana izan zenean, gero bere bi ahizpekin handik ateratzea lortu zuelarik, ikasi eta magistratua bilakatu zen. 1979 eta 1982ean Europar Parlamentuko presidentea izan zen, postu horretan izan zen lehen emakumea.

Berrikuntzak atxiki

Iaz bi berrikuntza nagusi izan ziren, alde batetik eszena gainean gertatzen denari dagokionez, pastoralaren ohiko satan gorriei, urdinez jantzitako dantzari ‘onak’ gehitu zitzaizkien, eta aurten ere hor izanen dira.

Bigarrena, antolakuntzari dagokiona da ikusle gutxiago sartuko baira, normalean 3.500 ikusle inguru izaten dira, baina iaz, pandemia dela eta 1.000 ikusle izan ziren soilik, eta horrek ekarri zuen aldaketa maitatu zuten antolatzaileek. Antolaketa teknikoaz arduratzen den Isabela Barreixek azaldu du: «Erdi bidea hartu dugu, egiazki maitatu genuen joan den urteko hurbiltasuna, eta ekartzen duen aisetasuna, horrrela pastorala segitzeko gozo da, hortarako aurten 2.000 izanen dira».

Hautaketa horrek beste aldaketa bat eragin du, ikuslegoa kanpoan ez gelditzeko, ohiko bi emanaldien ordez hiru izanen baitira aurten: uztailaren 24eko estreinaz gain, 31n eta agorrilaren 6an ere izanen da aukera muskildiarren lana ezagutzeko. «Emanaldi bat gehiago egitean kasik jende kopuru bera gelditzen da publikoan» baieztatu du Barreixek.

Aurten tokien gutxitzearekin, estreinerako sarreren aurresalmentak garrantzi berezia hartu du. Internetez erosten ahal dira helloasso webgunean xenda-berriak elkartearen atalean. Bestalde, Maulen (Euskalduna), Atharratzen (M’aud), Donapaleun (Ferme Souletine), Donibane Garazin (Paris dendan) eta Baionan (Elkar liburudendan). Sarrerak 15 euro balio du.

Dokumentuaren akzioak