Dokumentuaren akzioak
Ballet Kora Senegalek eta Ereintzak itxiko dute Errenteria Dantzan jaialdia
Ekitaldi nagusi honetarako, Ereintza Dantza Taldeak Ballet Kora Senegal taldea gonbidatu du. Afrikarrak Espainian zehar biran dabiltza egunotan, eta asteburuan Euskal Herrira egingo dute bisita. hogei musikari eta dantzari profesionalek osatzen dute Kora Balleta, eta konpainia orain bi urte sortu bazuten ere nazioartean hainbat bira egindakoak dira jada. Perkusio doinuak nabarmentzen dira beraien ekitaldietan. Wolef izeneko danborrak erabiltzen dituzte gehien, eta harekin sortutako erritmo azkarren arabera dantza saio indartsuak eskaintzen dituzte. Afrikarren berezko arintasuna erabat nabarmentzen da beraien dantzetan, eta energia erakustaldi ederra egiten dute.
Bestalde, Ereintzak bere saioa hiru zatitan bananduko duela azaldu digu Mikel Koka zuzendariak: «Lehenengo tartean Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako dantzei eman diegu lekua; bigarrenean, Bizkaiko dantzak jorratuko ditugu; eta amaitzeko, Jesus Guridi eta Tomas San Migelen doinuak hartuta borrokan oinarritutako pasarte bat antolatu dugu».
Ikasleek ere leku berezia izango dute arratsaldeko folklore jaialdian. Batetik, Errenteria Musikaleko dantza ikasleek dantza emanaldi laburra eskainiko dute; eta bestetik, Errenteriako hainbat eskoletako ikasleek egindako eskulanak ikusgai izango dira, erakusketa batean. Izan ere, Ereintza Dantza Taldeak Errenteria Dantzan II. Mural Lehiaketa antolatu du aurten, eta herriko gazteek, horren baitan, makina bat lan egin dituzte.
Antolatzaileek nabarmendu nahi dute, orain arte jaialdia oso jendetsua izan dela, eta gaurko ekitaldiak ere horrela jarraitzea espero dutela.
Dokumentuaren akzioak