Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ballet klasikoaren «kolore guztiak» ekarriko ditu Lucia Lakarrak Bilbora

Dokumentuaren akzioak

Ballet klasikoaren «kolore guztiak» ekarriko ditu Lucia Lakarrak Bilbora

Zumaiako dantzariak ezin izango du dantzaldian parte hartu, lesio bat izan berri duelako

Egilea
Mikel Carramiñana
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2009/05/10

Gipuzkoarrak, alabaina, munduko konpainiarik onenetarikoetatik etorritako lau dantzari bikote zuzenduko ditu: Iana Salenko eta Marian Walter, Berlingo Operako dantzari nagusiak; Marlon Dino eta Daria Sukhorukova Municheko Operako Balleteko bakarlariak; Maria Eichwald eta Jason Reilly, Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusiak eta Alessio Carbone eta Delphine Moussin Parisko Operako dantzari ospetsuak.

Lakarra Bilbon izan zen atzo ikuskizunaren nondik norakoak aurreratzeko. Esan zuenez, lehenengo aldiz hartuko du parte bera dantzari izango ez duen gala batean: «Ikusleekin batera gozatu nahi dut ikuskizunarekin, eta, horretarako, goi mailako dantzak eta dantzariak aukeratu ditut». Haren ibilbide oparoan zuzenean ezagutu dituen konpainietako dantzariak ekarriko ditu Euskaldunara.

Ballet klasikoaren «aniztasuna» erakusteko helburua dauka Municheko Operako dantzari nagusiak, «publikoak tutu erromantikoa baino askoz gehiago izan daitekeela ikusi behar du». Horretarako, joera bat baino gehiago izango dira egitarauan, klasiko aitzindarietatik hasi eta dantza klasiko garaikidearekin bukatu.

Zortzi saio

Aurtengo dantzaldiaren laugarren ikuskizuna zuzenduko du Lucia Lakarrak, eta hartan izango dira haren lagunetako batzuk oholtza gainean. Lau bikoteen artean, zortzi dantza taularatuko dituzte, eta, guztira, 90 minutu inguruko iraupena izango du ikuskizunak, etenaldi batekin.

Walterrek eta Salenkok dantzatuko dute Bournonvilleren Genzanoko lore jaialdia eta Ben Stevensonen Esmeralda. Bigarren bikoteak, Stuttgarteko Balletekoak, John Cranko koreografoaren dantza bi emango ditu, Romeo eta Julieta eta Onegin. Dino eta Sukhorukova bakarlariek, berriz, Beltxargen aintzira ballet ezaguneko atal bi egingo dituzte, Beltxarga beltza eta Beltxarga zuria. Parisko dantzariek, azkenik, Balanchineren Errubiak eta Petiten Arlestarra dantzatuko dituzte.

Dokumentuaren akzioak