Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ballet klasikoa, hip hopa eta Txinako dantza tradizionala, Donostian

Dokumentuaren akzioak

Ballet klasikoa, hip hopa eta Txinako dantza tradizionala, Donostian

Beijing Dance Theater dantza konpainiak bi pieza eskainiko ditu gaur Viktoria Eugenia antzokian

Bi pieza eskainiko ditu Pekingo Beijing Dance Theater konpainiak gaur arratsaldean Donostian: Middle eta Harvest. Miarritzen izan ziren herenegun, eta Europan egingo duten azken- aurreko emanaldiari ekingo diote 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Hemezortzi dantzarik osatzen dute taldea, Yan Ixiao konpainiako dantza irakasleak azaldu duenez. Erdiak Txinako dantza tradizionalean zaildutakoak dira, eta beste erdiak ballet klasikoan.
Egilea
Odei Irigoien Aizpitarte
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/04/11
Lotura
Berria

Middle pieza Anthony Egea Frantziako koreografoak ekoitzitakoa dela adierazi du Yan Ixiaok: «Hip hop oinarri batekin egindako koreografia da Egearena. Duela bi urte Pekinen izan zen, eta nola egiten dugun lan ikusi ahal izan zuen. Gure dantzariekin esperimentatzeko aukera izan zuen, eta pieza hau egin zuen, hip hoparen eta dantza garaikidearen elementuak uztartuz». Tai txiaren eta dantza klasikoaren elementuak ere agertzen dira pieza horretan.

Lau pieza txikiagok osatzen dute Harvest bigarren koreografia, Wang Yuan Yuan taldearen zuzendari artistikoak ekoitzitakoa. Horietariko bigarrena duela hemezortzi urte estreinatu zen Frantzian. Wang Yuan Yuanen hamar urteko lanaren fruitua dela hori nabarmendu du Yan Ixiaok: «Lan horrek guztiak oso kritika onak jaso ditu. Pieza motzak dira, elkarren artean lotura daukatenak».

Beijing Dance Theater 2008an sortu zen. Hogei herrialdetan izan dira emanaldiak eskaintzen, lau urte eta erdi eskaseko epean, eta berrogei hiri bisitatu dituzte. Ipar Amerikan, Hego Amerikan, Europan eta Txinan izan dira dantzariak. «Hori asko da gu bezalako konpainia gazte batentzat. Lanerako daukagun gogoa erakusten du», Yan Ixiaoren aburuz. Donostian izan eta gero Belgraden izango dira (Serbia), eta han emango diote bukaera birari.

Dantza garaikidea Txinako dantza tradizionalarekin uztartzen jarraitzeko asmoa dauka konpainiak. Bertako jendeak hori atsegin duela nabarmendu du Yan Ixiaok, «baina mendebaldeko ikusleek ere jakin nahi dute Txinan zer gertatzen den dantza garaikideari dagokionez. Gure bidea dantza garaikidea da, baina Txinako dantza tradizionalarekin jarraitzeko asmoa daukagu. Berez ateratzen zaigun elementua da, odolean baitaroagu».

Pribatua izanagatik irabazi asmorik gabeko konpainia dela eurena adierazi du. Hori dela eta, ez dauka babesle finkorik. «Txinako Gobernuak ematen dizkigu diru laguntzak batzuetan, baina horrekin ez ditugu gastuak kitatzen. Horregatik, behin-behineko babesleekin eta sarreren diruarekin finantzatzen ditugu gure bidaiak. Ez da erraza Txinan horrelakoak egitea».

Middle pieza dantzatuko dute gaur Viktoria Eugenia antzokian lehendabizi. / BERRIA

Dokumentuaren akzioak