Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ballet bilakatutako eskulturak

Dokumentuaren akzioak

Ballet bilakatutako eskulturak

Oteizaren sei kale eskultura oinarritzat dituen dantza garaikidea estreinatuko dute gaur Uharteko arte zentroan

Itzulpen ariketa bat da sorkuntza maiz. Eta itzulpen bikoitza da kasu honetakoa. Eskulturak dira oinarria, eta musika sortu dute gero haren gainean, eta, azkenik, mugimendu bilakatu dute musika hori: dantza. Hala sortu dute Huts izeneko balleta Musika Garaikideko Garaikideak Zentroko kideek. Iruñea erdigunean dauden Jorge Oteiza artistaren sei kale eskultura izan dituzte abiapuntutzat, eta sei piezako emanaldia osatu dute horrekin. Gaur estreinatuko dute Uharten (Nafarroa), Arte Garaikideko Zentroan. 20:00etan izango da emanaldia.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2012/11/15
Lotura
Berria

Ganberako musika tresnak erabili arren, garaikidea da musika, Ignacio Fernandezen ustez, guztiz garaikidea. Garaikideak zentroko kidea da hura, eta, hark dioenez, berezi egiten du emanaldia tresna klasikoen eta konposizio garaikideen arteko konbinazioak. «Badago balletaren hizkuntza klasikoarekiko haustura bat, baina tresnak oso identifikagarriak dira. Ikuskizun garaikidea da hau, baina horrek ez du esan nahi ezer arraroa edo eszentrikoa denik». Sei izan dira, orotara, konpositoreak. Bat eskultura lan bakoitzeko: Yolanda Campos, Urtzi Iraizoz, Carlos Rodrigo, David Cantalejo, Patxi Rodriguez eta Fernandez bera. Carmen Larraz eta Julio Terrazas dantzariak izan dira hamar dantzariko taldea koordinatu dutenak.

«Uharte bat inguratua lurrez»

Independenteak dira emanaldiko zati guztiak; sei eskultura, sei ballet pieza. Halere, oriotarraren Denontzat da lurra izeneko poemak lotuko ditu guztiak. Olerki horretako hitzak izango dira ikuskizunari osotasun bat emango diotenak: «Ipini iezadazue eskuan lurra / lurra inguruan / horixe nauzue izana / lurra uharte bat inguratua lurrez / bideez eta ikustera etorri gatzaizkizuz/ azkenik atseden kaka». Etengabea izango da, gainera, Oteizaren lanaren presentzia oholtza gainean: dantza pieza bakoitzean, abiapuntu gisa izan duen eskultura proiektatuko dute horman.

Agerikoak dira nerbioak Julio Terrazasen hitzetan. Hilabeteak eman ditu lanean, eta, horregatik, estreinaldi aurreko kezka. Ez du emanaldiaren kalitateari buruzko zalantzarik, halere. «Jendeari oso atsegina egingo zaio. Zuzeneko musika dauka, dantza, ikus-entzunezko pixka bat, eta baita poesia ere. Ikuskizun aski osoa da». Bera izan da koordinatzaile teknikoetariko bat. Dantzari bakoitzak hautatu du zer obra landu, eta haiek izan dira koreografiaren sortzaileak ere. Eskultura lanak aztertu dituzte lehenik horretarako, eta musikariekin ere elkarlanean aritu dira.

«Musika pobrea da, musika garaikidea. Apenas programatzen duten». Fernandezena da kexua, eta, hain zuzen, hori izan da Garaikideak zentroaren asmoa 2010ean sortu zenetik: musika garaikidea bultzatzea. Disko bat grabatu dute geroztik eta musika emanaldi bat ere antolatu dute urtero. Urrunago joan nahi izan dute aurten, eta horregatik hautatu zuten balleta. Pozgarria izan da dantzariekin izandako topaketa, Fernandezen hitzetan. «Sorpresa bat».

Inpresio bera du Terrazasek ere. «Oso hurbileko diziplinak dira musika eta dantza, baina berezia izan da topaketa. Ez dira asko izaten gisa honetako proposamenak. Normalean ez da halako arriskurik hartzen».

 

Egunotan Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egindako entseguetako baten irudia. / PATXI DAMIAN

Dokumentuaren akzioak