Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ballet Biarritzek zabalduko du gaur Maitaldia dantza jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Ballet Biarritzek zabalduko du gaur Maitaldia dantza jaialdia

Dantza nagusituko da gaurtik irailaren 18a arte Biarrizko Maitaldia jaialdian.

Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2004/09/04

Thierry Malandain koregrafoaren “Le sang des étoiles” (Izarren odola) ikusgarri berria aurkeztuz zabalduko dute gaur BiarrizkoMaitaldia jaialdia. Ingurumenari buruz Ballet Biarritz dantza taldeko koregrafoak sortu alegia berri hori gaur eta bihar arratseko zortzietan aurkeztuko dute lehen aldiz, Gare du Midi aretoan. Halere, gaur eguerdian, Malandainek ikuskizunaren aurkezpen laburra eginen du ikusleen aitzinean, herriko baratze publikoan.

Irailaren 18a arte iraunen duen dantzaren hitzordu nagusi horretan mota guztietako erritmoak izanen dira. Ballet Biarritzen dantza garaikideaz gain ikusi ahalko dira: Carlotta Ikeda koregrafoaren Txinatik datorren Butô dantza eta tekno musika nahasten dituen ikuskizuna, Christine Grimaldiren Pizkundeko dantzak, Georges Momboye konpainiaren Afrikako erritmoak eta Hors Serie taldearen hip-hop dantzak. Horrenbestez, Thierry Malandain jaialdiko zuzendari artistikoa izanik, XIV. edizio honetan ohikoak ez diren dantza doinuak ezagutzeko aukera izanen dute ikusleek berriz ere.







Animazio ugari



Dantza ezezagunekin batera, nazioarteko konpainia ospetsuak ere izanen dira Maitaldian. Philippe Cohenen Genoako Antzoki Handiko Baleta ikusten ahalko da irailaren 10ean Gare du Midi aretoan, eta, azkenik, jaialdia irailaren 18an burutuko da Matz Skoog koreografoak zuzentzen duen English National Balletak saioa eginez. Orotara, 12 konpainiaren ikusgarriak azalduko dituzte gauero Maitaldiaren karietara. Baina, horiekin batera, egunez baita gauez ere animazio ugari izanen da.





Horien artean, ikusleen parte-hartzea areagotuko duten dantzaldiak izanen dira aurten. Gaur bertan, izan ere, Ballet Biarritzen ikuskizunaren ondotik, herri dantzaldia izanen da Mazon parkean. Ondoko ostegunean, “Kitch” dantzaldia izanen da, eta, azkenik, heldu den irailaren 11n Pizkundeko dantzak egonen dira.

Dokumentuaren akzioak