Dokumentuaren akzioak
Balet koloretsu eta sentsuala
Kritika, 'El Corsario' baleta
Komunikazioa, ordea, ez zen musikaren edo dantzen bitartez soilik egin Bilboko emanaldian, keinuen bidez ere egin baitzuten. Beraz, pantomimaren ildotik doa ikuskizuna. Eta dantzari taldeak modu egokian adierazi zuen bere jarrera teatrala dantzarekin konbinatzeko duen dohaina.
Eszenografiari dagokionez, ekialdeko giroa adierazteko jantzi koloretsu eta artezko dekoratuak erabili zituzten El Corsario baletean: klasikoa den konposaketa espazialean, dekoratuak ederki lortu zituzten. Esate baterako, itsasontziaren hondoratzearen zatia hasieran eta amaieran, leizezuloarena bigarren ekitaldian...
Dantzari bikainak
Dantzaldian, berriz, denbora-galtze batzuk sumatu genituen balet taldean, batez ere hirugarren eszena koralean. Hala ere, geroago zuzendu zuten akats hori, eta, orokorrean, ez zuten meritu asko galdu.
Lopatkina Uliana izan zen dantzari protagonisten artean lan gehiena egin behar izan zuena, Medoraren rolean. Grazia, flexibilitatea eta gustua azaldu zituen aipatu dantzariak. Oso txalotuak izan ziren behatzen punten gainean egindako pirouettes eta foouettés zailak. Era berean, ikusleak gustura jaso zituen grands battements-ak, erraztasunez eginak.
Mutilen artean Fadeiev Andrian nabarmendu zen. Bere gorputz gihartsuarekin indar handia azaldu zuen jauzietan, hots, tours en l'air eta grand jeté-an.
Antzeko zerbait esan daiteke Rusimatov Farukh dantzariaren dotoreziaz. Hala, Isaaken rola nola dantzatu eta antzeztu zuen azpimarragarria da.
Azkenik, esan beharrekoa da sendo eta ziur jo zuela orkestrak. Haizezko musika tresnen nagusitasunarekin ekintza eta erritmo markatua eraman zuen emanaldi osoan. Harizkoen txanda heldu zen emeen eszenetan, eta ginezeoan edo maitasunezkoetan Gruzin maisuaren zuzendaritzapean jo zuten.
Azken finean, gau atsegina gertatu zen abenduaren 28koa Euskalduna jauregian. Antzokia bete egin zen, eta ikus-entzuleei Mariinski baletak oparitu ziguna Bizkaiko Aldundiari esker izan zela esan behar da.
Musikariak: Adam, Pugni, Delibes, Drigo, Oldenburg. Mariinski Antzokiko balet taldea eta orkestra sinfonikoa.
Zuzendari musikala: Boris Gruzin.
Zuzendari orokorra: Makhar Vaziev.
Koreografia: Petipa-Piotr Gusev.
Eszenaratzea: T. Murvanidze.
Dantzari nagusiak: Lopatkina Uliana, Fadeiev Andrian, Rusimatov Farukh.
Non: Euskalduna jauregian.
Noiz: Abenduak 28
Dokumentuaren akzioak