Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Balentziaga Museoak hainbat ekintza eskainiko ditu udazkenean

Dokumentuaren akzioak

Balentziaga Museoak hainbat ekintza eskainiko ditu udazkenean

Egilea
Onintza Lete Arrieta
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Getaria
Mota
Albistea
Data
2023/10/19
Lotura
Urola Kostako Hitza
Mugimenduan tailerraren irudi bat. (Balentziaga Museoa)

Familientzako tailerrak, bisita gidatu bereziak eta yoga saioak antolatu ditu Getariako museoak datozen egun eta asteetarako, Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez.

Getariako Balentziaga Museoak bisita gidatu bereziak, yoga saioak eta familientzako tailerrak  eskainiko ditu udazken honetan Ondarea bizirik! lelopean, Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez.

Familientzako jarduerei dagokienez, horien helburua da "museoa aurkikuntza, esperimentazio eta dibertimendurako leku bat izatea", eta hiru tailer mota egongo dira aukeran: Mugimenduan izenekoa –museoa bi dantzariren konpainian bisitatzeko–; feltrozko txapelak egitekoa; eta material birziklatuekin musika tresnak egitekoa.

Bisita gidatuetako bat familiei eskaintzen zaien Mugimenduan izenekoaren antzekoa da: bisitaldi dantzatua. "Bisita horren ezaugarria da esperientzia bizitzen dutenek nhonetan hainbat arte diziplinaren arteko erlazioa dagoela; izan ere, bildumako pieza estatikoen eta dantzaren arteko elkarrizketak Cristobal Balentziagaren eta haren obraren dimentsio berriak ezagutzea ahalbidetzen du". Bi dantzarik bisitariei lagunduko diete, "museoa mugimenduen bidez habitatzeko eta bertan gordeta dagoen ondareak sormenaren ikuspegitik duen ahalmena agerian jartzeko". DAB Konpainiako dantzariek parte hartuko dute egitasmoan.

Bigarren bisita motak ondarearekin dauka zerikusia, zehazki esateko, obra bat museoan gordetzen denean aplikatzen den prozedurarekin, bildumak kontserbatzeko eta erakusteko irizpideekin, eta "ondareari bizirik eusten jarraitzeko" egiten diren lanekin. 

Azkenik, yoga museoan egiteko aukera egongo da urriko larunbatetan, eta horren azalpena eman dute museoko arduradunek. "Arteek emozioa eta pentsamendua lotzen dituzte, eta, yogaren antzera, kontzientzia hartzeko hainbat bide proposatzen dituzte. Lasaitasun, hausnarketa eta autoezagutzarako espazio batean parte hartzaileen osasuna eta ongizatea sustatzea izango da iniziazio saio hauen helburua". Maider Arrietak emango du yoga saioa.

Egutegia

Bisitak larunbatetan eta igandeetan izango dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 13:00etan euskaraz.

  • Urriak 21 eta 28, larunbata. 09:30. Yoga saioa.
  • Urriak 21, larunbata. 10:30. Ondareari buruzko bisitaldia.
  • Urriak 22, igandea. 12:00. Bisitaldi dantzatua.
  • Urriak 29, igandea. 11:15-13:00. Mugimenduan izeneko bisita gidatua, dantzariekin.
  • Azaroak 12, igandea. 11:15-13:00. Feltrozko txapelak tailerra familientzat.
  • Azaroak 26, igandea. 11:15-13:00. Material birziklatuak edota eguneroko materialak erabiliz musika tresnak sortzeko tailerra familientzat.

Informazio gehiago info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzita eskura daiteke, edo telefonoz, 943-00 88 40 zenbakira deituta.

Dokumentuaren akzioak