Dokumentuaren akzioak
Baionako bestetan euskal kulturaren topaleku izanen da berriz Karrikaldi
Jadanik hainbat urtez euskal kulturaren topalekua den Jacques Porte plazan iraganen da aurten ere Karrikaldi, Baionako besten kari. Lau egunetan izanen da bertan, uztailaren 27tik 30era, hain zuzen ere.
Betiko bide beretik, dantzarekin abiatuko da. Leinua eta Orai Bat dantza taldeek ostegunean eta igandean emanen dute beren erakustaldia, 16:30ean. Larunbatean gomita berezi batekin heldu dira, Gipuzkoako Ibarra herritik datorren ALLUR dantza taldea, alegia. Ostiralean, berriz, Ipar Euskal Herriko makilarien txapelketa igurikatua iraganen da.
Kanturako gomita ere egina da: dantzak finitu ondotik, 17:30ean. Ostegunean, Elena eta Julie lapurtar bikote gaztearekin, ostirailean GuraShow ikastoletako guraso ezagunek muntatu taldearekin, larunbatean Nafarroako joteroekin eta igandean Baxe Nafarroatik jin Hirurirekin.
Ondotik, Dantzazpiren txanda izanen da. Leinuako eta Orai Bateko txarangek segurtatuko dute. Baionan Kantuz 20:00etan abiatuko da, Tuntunak eta Ibaialdekokoro taldeekin.
Karrikadantzarentzat, berriz, lau talde aldizkatuko dira 21:30etik goiti. Ostegunean Adar bikoteren txanda izanen da, ostirailean Bekatxa Arberuako txaranga, larunbatean Kiki Bordatxo talde ezaguna eta igandean Rita Mutxiko taldea.
Egunero Baionako eta inguruko ikastolek talo, janari eta edariak zebitzatuko dituzte eguerditik gauera arte. Karrikaldirako dena prest da, beraz, Baionako gaztelu zaharraren harresi azpian.
Dokumentuaren akzioak