Dokumentuaren akzioak
Badatoz Arabako herri inauteriak
Markitos, lastozko gizona, porreroak, Toribio, hartza... Gertu dira Arabako herri inauterietako protagonistak. Datorren asteburuan hasiko dira Kuartangon eta garai berri bati hasiera emateko ospakizunak hilabete batez luzatuko dira, Arabako zenbait herritan. 2015ean gizateriaren ondare ez-materiala izendatu zituzten Arabako herri inauteriak.
Kuartangon, porreroak Agate Deunan
Urtero bezala, Kuartango izango da herri inauteriak ospatzeko jaian murgilduko den lehen herria. Otsailaren 4an egingo du, Agate Deuna ospatzen den egun berean. Izan ere, traba eta debekuei aurre egiteko, inauterietako ezaugarriak Agate Deuna egunera eraman zituzten herritarrek. Makilekin etxez-etxe joaten dira jakiak eta dirua biltzen, porrero jantziarekin. Horiekin batera, hartza, zakuekin jantzitako maskaratuak, errautsa botatzen duen pertsona eta Arrianoko atsoa izango dira herriko kaleetatik zehar. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da jaia.
Ilarduia, Egino eta Andoin, lastozko gizona sutara
Ondoren, Ilarduia, Egino eta Andoin herrien txanda izango da. Bertan, lastozko gizona da protagonista. Gaitz guztien errua leporatzen zaio pertsonaia honi Asparreneko herri hauetan. Asto baten gainean lehenengo, eta idiz jantzitako porreroen bizkarrean ondoren, herrietatik paseatu, eta su ematen diote. Hitzordua otsailaren 18an izango da, 16:00etatik aurrera.
Zalduondon, Markitos sugarretara
Otsailaren 26an Lautadan jarraituko du ospakizuna, zehazki, Zalduondo herrian. Neguko loaldia eta gero udaberriari ongi etorria emateko, hartza agertzen da herritik. Errautsak bota eta erratza pasatzen dute kaleetatik, garbiketa erritu moduan. Gaitz guztien erruduna, Markitos, sutan erretzen dute. Ospakizuna 13:00etan hasiko da.
Kanpezun, Toribio uretara
Kanpezun, berriz, Toribio dute, lastozko panpina; katxiruloek makila batetik zintzilik daramate eta, epaitu eta gero, Ega errekara botatzen dute. Bidelapurra, konjuratzaileak eta putreak dira Kanpezuko kaleetan zehar ibiltzen diren beste pertsonaietako batzuk. Hilaren 28an izango da, 19:00etatik aurrera.
Saratsun, porreteroa teilatura
Añanako Kuadrillako herri honetan oiloak lapurtu eta bestelako gaiztokeriak egiten ditu porreteroak. Lastozko panpin hau epaitu eta gero, jipoitzen dute, eta garbitokiko teilatura botatzen dute putreek jan dezaten. Saratsun martxoaren 4an izango da festa, 19:30etik aurrera.
Dokumentuaren akzioak