Dokumentuaren akzioak
Badator Dibertimendue!
Dibertimendu bat, non eta Markina-Xemeinen. Bat baino gehiago harritu egingo zen ekimen honen berri izatean. Baina Ander Lipusek argi dauka: “Uste nuen garaia zela plaza okupatzeko. Ez Markina-Xemeinen, ez gure eskualdean, ez daukagu antzokirik. Beraz, zer hobe Dibertimendu bat baino? Ikuskizun bat plazan, kulturak bere arnasgunea izan dezan eta herriak hitz egin dezan”. Finean, hori izango delako Markina-Xemeingo Dibertimendua: sormena herritik abiatua eta herriarentzat.
Lipusen ustez, “faktore ugarik egin dute bat gure herrian halako ekimen bat posible izan dadin”. Horien artean, herriko Zerutxu Dantza Taldea eta talde hau egiten ari den lana azpimarratu nahi izan ditu. “Badago hor gazte talde oso potente bat, gogotsu, tradizioari kolpeta gauza oso interesgarriak egiten”. Besteak beste, iaz Zerutxuk herrian egin zuen Maskarada ekarri du gogora “maskaraden zale” den Lipusek.
Eta halaxe da; Zerutxutik ari dira jatorriz behintzat gureak ez diren dantzak eta ohiturak herrira ekartzeko asmo batekin lanean, eta Aratusteek ematen dute horretarako aukera. Horrela dio Igor Ibarzabal taldekideak: “Zerutxun beti ibili izan gara Aratusteen bueltan. Oso modu berezian bizi dugu jai hau. Markina-Xemeingo Aratusteek badute, berez, izaera berezi bat eta baita elementu propio batzuk ere: garai bateko Antzar-jokoa, Zaragi-dantza, Hartza… Nik neuk asko maite dut jai honek daukan teatralitatea. Herrian bertan ez ezik, beti gustatu izan zaigu beste herri batzuetako Inauterietako ohiturak eta dantzak ikustea; adibidez, Maskaradak eta Libertimenduak jarraitu izan ditugu. Aratusteen berezko izaeraren elementu batzuk hartuta, nahi genuen herri mailan zerbait sortzea”.
Gogo horri tiraka hasi zen elkarlana Lipusekin eta Abarka taldearekin. Hala ere, antzerkigileak argi dio: “Asmoa ez da izan Libertimendu bat hartu eta kopiatzea. Ez ditugu hartu Libertimendu baten berezko ezaugarri guztiak, horrek ez luke zentzurik izango. Asmoa izan da hartzea Libertimenduaren esentzia, hau da, errituala bera: herria batzea neguari agur esateko eta udaberriari ongietorria emateko, eta egitea erritual ikaragarri bat herri mailan. Hau da, Libertimendu bat gure erara, gurera ekarrita”.
DANTZA, ANTZERKIA ETA BERTSOAK
Diziplina ugari batzen dituen ikuskizuna izango da Dibertimendua, eta dantzak berebiziko pisua izango du. Lipusek eta Ibarzabalek kontatu dutenez, hainbat dantza berrikusi eta egokitu dituzte emanaldirako. Batetik, ikusi ahalko dira oso geureak diren hainbat dantza: Xemeingo dantza (inauteri ikutu batekin), Mahai-gainekoa, Zaragi-dantza eta Aurreskua. Gure betiko dantzetatik harago, dantza berriren bat ere plazaratuko dute, Ibarzabalek aurreratu duenez: “Makil-joko berri bat sortu dugu zerotik. Iruñeko Duguna Dantza Taldeko Aritz Ibañezen laguntza izan dugu horretarako”.
Libertimenduek badute ezaugarri bereizgarri bat: umorea, parodia, kritika soziala eta satira ukitua izaten dute. Funtzio hori beteko dutenak izango dira Kokoxak (Iparraldean Zirtzilak deituak). “Zirtzilak dira Inauterietan mozorrotuta gaiztakeriak egiten ibiltzen diren gazteak”, azaldu du Lipusek. “Kokoxek dena hankaz gora jarriko dute, zirikatu eta xaxatu egingo dute, antzerkiaren bitartez. Urtean zehar herrian gertatu diren pasadizo eta istorioak ekarriko dituzte plazara. Gazteak izango dira paper hau hartuko dutenak”.
Dantzari eta kokoxekin batera, bertsolariak ere izango dira; kasu honetan, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga. Kokoxek plazaratuko dituzten ekintzei bertsoak botako dizkiete bertsolariek. “Bertsoak funtzio oso inportantea dauka – azaldu du Lipusek -. Bertsoa da parte arrazionala, bertsoaren bidez gogoeta egingo da plazaratzen diren gaien inguruan”.
Dibertimenduak zerbait behar badu hori publikoa da. Jendea oso hurbil egongo da eta interpelatuta sentituko da, besteak beste, herriko eta gertuko errealitateari buruz ere berba egingo delako. “Kokoxek aterako dituzten gaietan urtean zehar eman diren pasarteak egongo dira, gertukoak eta urrunagokoak. Izango da gauza bat oso lokala, baina oso unibertsala aldi berean”, dio Lipusek.
TRADIZIO BILAKATZEA HELBURU
Hilabeteak pasa dituzte Dibertimenduaren bueltan lanean eta emanaldiaren eguna gerturatu ahala protagonistak gogotsu daude emaitza herritarrekin partekatzeko. Zerutxuren kasuan, gainera, momentu berezian dator, taldeak aurten 60 urte betetzen ditu-eta. “Urterreneko urtea abiatzeko oso proiektu polita” dela dio Ibarzabalek. Baina Dibertimendua eta gero, zer? Biek ala biek bat egiten dute hemen: “Ez genuke nahi gauza puntual batean geratzea. Nahiko genuke Markina-Xemeingo Dibertimendua geratzeko etorri den zerbait izatea eta tradizio bilakatzea”.
Otsailaren 28an, 11:00etan, Xemeingo elizan hasita
Dokumentuaren akzioak


