Dokumentuaren akzioak
Badator dFeria!
Analisia
Pentsamendu motzeko baten batek pentsatuko luke feria laburragoa eta
bertokoa izateak kalte egingo ziola ezinbestean programazioaren
kalitateari. Nik, ordea, aukera paregabea ikusten dut aurtengo
trantsizio-edizioan, heldutasun froga argia delako geure ekoizpen eta
sorkuntzekin osatu ahal izatea dFeriaren tamainako ekimen bat.
Programazioari begiratu azkar bat botata, egun guztietan ikusten
dut produktu handi bat gutxienez, eta zalantzarik gabe haien artean
luxuzkoak izango dira Malandain Ballet Biarritz-en Magifique
eta Tanttakaren La mujer justa, non eta Bartzelonan arrakasta
handiz ibili dena. Beste antzezlan bikain batzuk -Txaloren Arrastoa
edota Hikaren Aitarekin bidaian- gaztelaniazko bertsioan
ezagutuko ditugu dFeriaren azoka izaerak hala eskatuta, eta haiekin
batera ikusmina pizteko moduko beste lan batzuk egongo dira, hala nola K
producciones-en 19:30 izeneko antzezlana edota Kolectivo
Mostrenko-ren Tenemos que hablar. Haur-ikuskizunen artean,
Iparraldeko EliralE konpainiak bere Otto samurra ekarriko du
eta Golden Apple Quartet-ek eta Kanpingags-ek Goibel ikuskizuna
estreinatuko dute elkarlanean. Bestetik, aldez aurretik esan ahal
dizuet Katu Beltz taldearen Sisifo B aurtengo feriako lanik
aipagarrienetako bat izango dela.
Dantzaren esparruan ere izango dira estreinaldiak eta pieza
interesgarriak. Arestian esandako Malandainen eta EliralE-ren emanaldiez
gain, Organik konpainiak Maniatic@s aurkeztuko du, dantza eta
antzerkia bere betiko estilo umoretsuan uztartuz, eta Jon Maia eta
Pantxika Telleriaren artean sortutako (SOK)2 ikuskizunak bere
su-proba pasatuko du Gazteszenako ikusleen aurrean. Hala ere, Ertza
konpainiaren Urrunetik ametsetan eta Fingersix-en La
sonrisa ganadora dira jakingura handien piztu didaten
estreinaldiak. Asier Zabaletaren proposamenean Brasilgo dantzari batek
eta Donostiako beste batek gai berberari ekingo diote elkar ezagutu
gabe. Fingersix izenaren atzean, berriz, Marta Navaridas donostiarra
dago, eta lan honekin ezagutuko dugu Amsterdamen jarduten duen dantzari
eta performer paregabearen estiloa.
Dokumentuaren akzioak