Dokumentuaren akzioak
Badator Corpusetako asteburua
Asteburu betea dute Oñatzeko dantzariek. Herriko ikastetxeetara, auzoetara zein kaleetara iritsiko dira aurten ere Oñatz dantza taldearen Corpus dantzak. Eta txoko guztietara heltzeko, bihar, egubakoitza, hasiko dira Corpus jaiak Oñatz dantza taldeko dantzariendako ere.
Munduko adituen aurrean
Ikastetxeetarako ohiko bisita bihar, egingo dute, baina, arratsaldean izan beharrean goizean, ikasle denak goizeko ordutegia dute-eta. 10:30ak aurretik joango da dantzarien talde bat ikastetxez ikastetxe eta ordu horretan, lau taldetan banatu eta Zubillaga, Olabarrieta edo Uribarri auzoetara joango dira, adibidez. "Arratsaldean herri barruko auzoetara joango gara baina aurretik saio berezi bat egingo dugu Nazioarteko Lege Soziologia Institutuan. 30. urteurrena ospatzera mundu osotik adituak etorri dira Oñatira eta ospakizun horren barruan Corpus dantzak egiteko eskaera jaso dugu. 16:00etan joango gara hara", dio Oñatz dantza taldeko kide den Arkaitz Bengoak.
Zapatu goizean Foruen plazan egin ohi den dantza saioak ere ez du hutsik egingo aurten: 09:00etan izango da emanaldia. Ondoren, herriko kaleetan ibiliko dira txistulariak lagunduta. Domekako prozesioa 11:00etako mezaren ostean abiatuko da parrokiatik eta San Migelen inguruan astinduko dituzte kriskitinak dantzariek. Aurtengo kapitaina, Mikel Biain izango da. Corpus prozesioan kapitain moduan aterako den lehen aldia du Biainek. Arratsaldeko emanaldia 18:15ean izango da plazan.
Bisita gidatua
Aurten ere Turismo Bulegoak bisita gidatua egingo du domekan; Corpus prozesioaren osagai nagusiak eta txoko bereziak ezagutzeko bisita izango da. 09:45ean abiatuko dira Turismo Bulegotik. Bisitara joateko, komeni da izena aurrez ematea: 943 78 34 53.
Dokumentuaren akzioak