Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Badago Gau Beltza zer den jakiteko interesa, baita beharra ere»

Dokumentuaren akzioak

«Badago Gau Beltza zer den jakiteko interesa, baita beharra ere»

Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Tokia
Zaldibia
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/09/23
Lotura
Gipuzkoako Hitza

 

Josu Ozaita Azpiroz antropologoak (Ibarra, 1980) Gau beltza. Itzalitako kalabazaren berpiztea hitzaldia eskaini zuen ostegunean, Zaldibiako udaletxean. Ordubeteko hitzaldia eman zuen, eta ikus-entzuleekin solasean jarduteko aukera eskaini zuen gero. Ozaitak Gau Beltzaren gaineko hainbat datu eman zituen, hala nola zer den eta nola ospatzen den, garai bateko ohiturak nolakoak ziren eta azken urteetan zer aldatu den. Azaroaren 1ean izango da Gau Beltza.

Gau beltza. Itzalitako kalabazaren berpiztea. Hitzaldiak ez ezik, hala izena du argitaratua duzun liburu batek ere.

Duela zazpi bat urte, Juan San Martin bekari esker, Jaime Altunak eta biok Gau Beltzari buruzko ikerketa bat egin genuen. Antropologoak gara biok. Liburua argitaratu genuen garaian, Gau Beltzaren ospakizunak sortzen hasi ziren, eta aztertu nahi genuen ea zer gertatzen ari zen.

Zer dela-eta bururatu zitzaizuen Gau Beltzaren inguruko ikerketa bat egitea?

Ikusi genuen Gau Beltzarren ospakizunari dagokionez aldaketa batzuk egon zirela gu haurrak ginenetik hona. Adibidez, gu umeak ginenean, apain-apain jantzita joaten ginen kanposantura, hildako arbasoei loreak jartzera, baina ohitura hori galdu egin da, eta, mende berriarekin batera, Halloween ospatzen hasi dira haurrak. Aldi berean, Euskal Herrian Gau Beltza festa antolatzen hasi ziren. Prentsan ere irakurri genituen zenbait albiste zera esaten zutenak: gaur egun adinekoak direnek, umeak ziren garaian, kalabaza batzuk hartu, aurpegi forma eman eta bide bazterretan jartzen zituztela, jendea beldurtzeko. Osagai horiekin, ikertu nahi genuen zer zen Gau Beltza, zer ari zen gertatzen horrekin, eta horretan sakondu.

«Badago Gau Beltza eta Halloween sinonimotzat hartzeko joera, baina nik esango nuke oso gauza desberdinak direla»

Interesa pizten du gaiak?

Azken urteotan asko zabaltzen ari da fenomenoa. Ondorioz, badago Gau Beltza zer den jakiteko interesa. Baita beharra ere: haurrek Halloween edo antzeko zerbait ospatu nahi dute, oso erakargarria baitzaie, eta helduek ezagutu egin nahi dute, herrian zerbait antolatzeko. Interes handia dute zerbait antolatu nahi duten gurasoek eta ikastetxeek.

Zergatik du halako erakarpen indarra Arimen Gauak?

Azkenean, oso elementu erakargarriak dituelako: ezustekoak, mozorroak, kalabazak…

Bereizi egiten dituzue Arimen Gaua edo Gau Beltza, Halloween eta Domu Santu eguna. Zergatik ematen dizkiozue konnotazio desberdinak?

Arimen Gaua eta Gau Beltza sinonimoak dira. Gau Beltzak iluntasunari egiten dio erreferentzia, eta Arimen Gauak, heriotzari, baina oinarrian berdintsuak dira. Halloween desberdinagoa da. Ezjakintasunez ari diren edo gaian askorik sakondu ez dutenen artean, badago Gau Beltza eta Halloween sinonimotzat hartzeko joera, baina nik esango nuke oso gauza desberdinak direla.

Zein da desberdintasuna?

Halloweenek sustrai luzeak ditu: zeltek ospatzen zuten, eta irlandarrek eta ingelesek eraman zuten Estatu Batuetara [AEB], emigratzerakoan. Hasieran, euren komunitateetako festa bat zen, baina Estatu Batuek erabaki zuten XX. mende hasieran ospakizun nazional moduko bat izatea, eta curriculumean sartu zuten, baita komunikabideetan landu ere. Kontsumismoaren eta kapitalismoaren ikuspegitik, mundu osoan zabaldu da Halloween festa, globalizazioaren bidez.

«Kontsumismoaren eta kapitalismoaren ikuspegitik, mundu osoan zabaldu da Halloween festa, globalizazioaren bidez»

Halloweenek itzal egingo dio Gau Beltzari?

Alderantziz izan dela esango nuke. XXI. mende hasieratik ari da Halloween festa zabaltzen inguruan: haurrek, ikusi, eta ospatu egin nahi zuten, baina ospakizun horrek zalantzak sortu dizkie guraso edo aisialdi talde batzuei. Antolatu, eta Gau Beltza ospatzen hasi dira. Nolabait, herritik sortutako festa bat da, herrikoia. Halloween ez da Gau Beltza bezala antolatutako festa bat, baizik eta taberna batek edo komertzio batek, kanpaina ikuspegitik, egindako dekorazioa, edo haur batzuek euren kasa etxez etxe egiten duten gozoki bilketa.

Zure ustez, bukatuko da noizbait fedearekin lotuta dagoen Santu Guztien Eguna?

Ez dakit bukatuko den, baina bistan da indarra galdu duela azken urteotan. Gizarte sekularizazioa gertatzearekin batera, kristau tradizioko egunek garrantzia galdu dute, baina heriotza beti hor egongo da, eta ezin dugu dena borratu. Heriotzaren gaiari erantzuteko eta hura kudeatzeko forma berriak sortu behar dira.  

 

Dokumentuaren akzioak