Dokumentuaren akzioak
BAD jaialdiak hamabi lan estreinatuko ditu urriaren 23tik azaroaren 3ra bitartean
Artedramak, Dejabuk eta Le Petit Theatre de Painek 'Hamlet' taularatuko dute Bilboko festibalean
BAD jaialdiak hainbat obra estreinatuko ditu aurtengo ekitaldian. Besteak beste, Gaitzerdi taldeak Sombras en la partida de naipes erakutsiko du Bilboko festibalean, eta Khea Ziater konpainiak Satisfaktion estreinatuko du.
Dantzari dagokionez, Igor & Morenok Idiot-sincrasia obraren estreinaldi absolutua egingo dute Bilboko jaialdian, eta Moon Produkzioak konpainiak Jean Cocteauren obran oinarritutako lana estreinatuko dute: La voz humana. Gaztelaniazko izenburua izan arren, euskaraz ere emango dute ikuskizuna.
Jaialdiaren azkeneko egunean, azaroaren 3an, Artedrama, Dejabu eta Le Petit Theatre de Pain konpainiek William Shakespeareren Hamlet taularatuko dute Arriaga antzokian. Ximun Fuschek zuzendu du obra Xabier Mendigurenek egindako moldaketan oinarrituta, eta Bilbora iritsi baino lehen beste bi alditan baino ez dute emango: azaroaren 1ean Luhuson (Lapurdi) eta 2an Azpeitian (Gipuzkoa).
BAD jaialdiak beste hainbat obra ikusteko aukera ere emango du. Sleepwalk Colletive Erresuma Batua eta Euskal Herria artean mugitzen den taldeak Karaoke performancea estreinatuko du, eta, horretaz gain, Domestica izeneko ikuskizuna ere emango du. Mauma taldeak, berriz, Elkarrekin bakarrik performancea aurkeztuko du.
Bestalde, aurten zinema erakustaldi bat ere antolatu du BADek Zinebi jaialdiarekin elkarlanean. Hilaren 24an, hainbat film emango dituzte Alondegian, guztiak antzerki edota dantza garaikidearen gaia lantzen dutenak. Besteak beste Txoria (Mikel Gurrea) emango dute, Itziar Mendizabal dantzariaren gainekoa.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.badbilbao.com
Performance batekin aurkeztu zuten atzo jaialdia. / BAD
Dokumentuaren akzioak