Dokumentuaren akzioak
Azpeitiko dantzari erraldoiak
"Orain dela hiru urte inguru Udaleko Festa Batzordeburua den Mikel Ibartzabal etorri zitzaigun, tristea zela herriko erraldoiak kanpotarrek ibiltzea eta herritarrek eraman beharko lituzketela esanez. Gu dantzariak ginenez, ea prest egongo ginatekeen galdetu zigun", gogoratu zuen Ruben Book, Itsasi Dantza Taldeko eta erraldoi taldeko kideak.
Taldean proposatu ondoren, erraldoiekin probak egitea erabaki zuten eta hasierako baldarkeria hobetzen joan zela ikusita, Udalari baiezkoa ematea erabaki zuten: "Hasieran balantzea eta altura kontrolatzea ez zitzaigun erraza egin, baina trukua hartzen joan orduko, gustura hartu genuen eta ez genuen dudarik izan baiezkoa ematerako orduan", adierazi zuen Bookek.
Hori orain dela bi urte izan zen, eta gaur egun, argi uzten dute herrian irteten diren bakoitzean ez dutela arazorik erraldoiak erabiltzeko orduan. Urtean zehar egun finkatuak dituzte Azpeitian. Honela, Santo Tomas eta San Inazio jaietan beti agertzen dira herriko kaleetan eta, horrez gain, uztailean ospatzen den umeen egunean ere dantzan aritzen dira.
Azpeitian ez ezik beste herrietara ere irteten dira. Esaterako, Legazpitik urtero deitu izan diete orain arte eta Deban ere izan dira euren erakustaldia egiten.
"Umeen egun horretan, gainera, badira bi urte erraldoi dantzarien txapelketa antolatzen dugula Azpeitian, beste herriko taldeak gonbidatzen ditugularik. Orain arteko edizioak irabazi egin ditugu eta espero dugu hurrengo uztailaren 23an egingo dugun txapelketan ere nagusi irtengo garela", adierazi zuen taldekideak.
Itsasi Dantza taldeko kideak, Azpeitiko Udaleko Festa eta Turismo Batzordeak bultzatuta, Tarragonako Montblanc herrian izango dira gaurtik igandera bitartean, han egingo den 2006 Ciutat Gegantera de Catalunyara. Erraldoien jaialdi garrantzitsuena da Tarragonan egiten dena eta azpeitiarrak han izango dira beste 180 talderekin batera.
Azpeitiko taldeak Katalunian erraldoien inguruan zaletasun handia zegoenaren berri izan zuen eta urtero kontzentrazio handi bat egiten zela ere bai. "Bertako arduradunekin harremanetan jarri ginen eta, informazioa bildu ondoren, Azpeitiko Udalari joateko asmoa agertu genion eta baiezkoa eman ziguten. Ez dakigu zer den edo nola izaten den baina pozik goaz", esan zuen Ruben Bookek.
Nahiz eta taldean zortzi izan, Tarragonara bost laguneko taldea joango dela aurreratu zuten, ibilbidean zehar txandaka ibili ahal izateko: "Oso nekagarriak dira ibilbide luzeak baina hirurek ezin izango dute joan lan kontuak direla eta, beraz, horrela izan beharko du".
Dokumentuaren akzioak