Etzi, 18:00etan hasita, jokatuko dute Euskal Herriko 47. Dantza Txapelketa. Aurtengoa ere Seguran (Gipuzkoa) izango da, hamahiru bikotek parte hartuko dute, eta ordezkari gehien izango dituen herria da Azpeitia.
Hain zuzen ere, bost bikote, iaz baino bat gehiago, igoko dira aurten Baratze pilotalekuko oholtzara Azpeitia ordezkatuz: Jone Arriaran eta German Aranburu, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun, Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola, Alaia eta Amets Amubieta, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala. Horixe izango da, gainera, Azpeitiko bikoteek dantzatuko duten hurrenkera; zozketa eginda, hamahiruetatik lehiatzen bigarrenak izango dira Arriaran eta Aranburu, hirugarrenak Bastida eta Uzkudun, laugarrenak Arrizabalaga eta Segurola, zortzigarrenak Amubieta anai-arrebak, eta hamahirugarrenak eta lehiaketa itxiko dutenak, berriz, Aizpuru eta Zabala.
Azpeitia ordezkatuz hiru bikotek irabazi dute orain arte Seguran: Jon Arangurenek, Idoia Besada pasaitarrarekin, 2011n eta 2012an lortu zuen txapela; eta 2014an, Maialen Aldalur eta Amets Amubieta nagusitu ziren.