Dokumentuaren akzioak
Azpeitian mundu guztiko dantza eta musikaz gozatzeko aukera izango da uztailean
Sabel dantza emanaldia izango da igandean. Azkoitiko Sahatsa elkarteak Argentinako Gazte-Alai taldearekin eskainiko du saioa hilaren 24ean
Alima Ekialdeko dantza taldeak sabel dantza emanaldia eskainiko du igandean. Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzentzen duen taldea 20.00etatik aurrera arituko da Enparantza Nagusian eta Laila Rangel irakasle famatuak ere parte hartuko duela aurreratu zuten arduradunek eta bi koreografia egingo ditu: Oriental klasikoa eta Balady .
Bigarren emanaldia, berriz, Itsasi elkartearen eskutik iritsiko da. Azpeitiko dantza taldeak Zazpi Haizetara ikuskizuna eskainiko du uztailaren 17an Izarraitz pilotalekuan. Ainara Bidal eta Maite Maizek zuzenduko dute 22.00etan hasiko den saioa.
Argentinako dantzariak ere izango dira Azpeitia Dantzan egitasmoaren baitan, eta Azkoitiko Sahatsa dantza taldearekin batera arituko dira uztailaren 24ean Enparantza Nagusian 22.00etatik aurrera. "Gazte-Alai taldeak Hator Hona elkartruke programa bat hasi zuen orain bost urte. Honen baitan, urtero, uztailean, Euskal Herriko 20 eta 30 urte arteko zortzi bat gazte joaten dira Necocheara euskal kulturaren inguruan hainbat tailer gara-tzera. Aurten, ordea, proiektua osatu egin da, handik hainbeste lan egin duten gazteei euren arbasoen lurra ezagutzeko aukera emanez", adierazi zuten arduradunek. Euskal Herriko zein Argentinako dantzak uztartuko dituzte Gazte-Alai eta Sahatsa elkarteko dantzariek.
Azken emanaldia, berriz, uztailaren 31ean izango da, 23.30ean, Olazko Amaren plazan. Bertan, MAJ taldeak Eslovakiako eskualdeetako abestiak eta dantzak eskainiko ditu. MAJ abeslari, musikari eta dantzariek osatzen dute eta bere jarduera herrian bertan jatorria duten ohituretara bideratuta dago.
Sahatsa taldekoak emanaldi batetan.argazkia: utzitakoa
Dokumentuaren akzioak