Dokumentuaren akzioak
"Azpeitia dantzan" egitasmoa bihar hasiko da plazan, saloiko dantzak erakusten dituen ikuskizun batekin
Itsasi taldeak "Itzalargitan" bere azken lana aurkeztuko du datorren larunbatean Izarraitz pilotalekuan
Dantza saio hori ikustera hurbiltzen direnek adin guztietako haur eta nagusiek taularatuko dituzten dozena bat dantzekin disfrutatzeko aukera izango dute.
Horien artean, vals, salsa, bolero, samba, pasodoblea, tangoa edo rock & roll estiloetako piezak ikusteko parada egongo da.
Azpeitia dantzan egitasmoak lau emanaldi eskainiko ditu uztaileko asteburuetan.
Bigarrena, hilaren 17an izango da ikusgai, 22.00etik aurrera, Izarraitz pilotalekuan.
Egun horretan, Azpeitiko Itsasi euskal kultur taldeak okasiorako prestatu duen Itzalargitan bere azken lana aurkeztuko du herritarren aurrean.
Itzalak eta argiak oinarri izango dituen lan honetan, dantza zahar eta berriak ezagutzeko aukera egongo da. Gainera, dantzariek "bereziki ikuskizun honetarako euskal kantagintzako doinu ezagunekin osaturiko koreografiak" taularatuko dituzte.
Uztailaren 24an, berriz, Bulgariako Naiden Kirov taldearen eta Suhatsa taldearen ikuskizuna egongo da, 22.00etan, Plaza Nagusian.
Bulgariako konpainiak bere herriko folklorea erakutsiko du eta Sahatsa taldeak Lapurdiko Inauterietako Kaskarotak eta Zuberoako maskaradetan hain ezagunak diren Barrikadak, Gabota eta Godaleta dantzak aurkeztuko ditu.
Aurtengo Azpeitia dantzan programarekin amaitzeko, Errusia eta Buriatia errepublikako Baikalskie Volni dantza taldearen emanaldia egongo da San Inazio egunean, 23.30etik aurrera, Olazko Andre Maria plazan. Zuzendaria Tatyana Andreeva izango da.
Dokumentuaren akzioak