Dokumentuaren akzioak
Azoka eta jaialdia
Agus Perez - Antzerki kritikaria
Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago dFeria bost egunetan
ematen diren ikuskizunak baino askoz gehiago dela, bere babespean
publiko zabalerako jarduera paraleloak -aurkezpenak, erakusketak...-
eta profesionalentzako lan-jardunaldi garrantzitsuak antolatzen
baitira. Urteroko bilera horiez gain, aurten adibidez Hegoamerikako eta
Portugalgo lau feriak aurkeztu dituzte beren proiektuak dFeriako
negozioen foroan, eta txango berezi bat antolatu da, Tolosan aurten
zabalduko den Nazioarteko Txotxongilo Zentroa ezagutzeko. Noski, horrek
guztiak gehi emanaldietara datozen ikusle trebatuekin hitz egiteak
aukera asko ematen ditu aspaldiko harremanetan sakontzeko, norberaren
ikuspegia aberasteko eta kontaktu berriak ezartzeko.
Baina kaleko ikusleak zer jasotzen du dFeria egunetan? Lehen begiratuan Paseando con arte izeneko
atala kendu izana nabarmenduko nuke, ekimen ondo antolatua zelako,
giroa sortzen laguntzen zuelako eta lan benetan bereziak eskaintzen
zituelako. Beste alde batetik hartuta, ordea, kaleko emanaldiekin beste
jaialdi oso bat antolatu zitekeen, eta oraingo egitura arinduak asko
errazten du guztia, areto bakoitzeko emanaldiak egunero ordu berean
direlako eta elkarren artean gainjartzen ez direlako. Eskertzeko
modukoa da, benetan. Ea beste leku batzuetan eredutzat hartzen duten.
Betiere ikusle soilaren ikuspegitik, zilegi da galdetzea zein
ote den programazioaren irizpidea, baina kontuan eduki behar dugu
izatez hau jaialdia baino gehiago azoka bat dela, eta alde horretatik
normala dela denetarik apur bat egotea. Hala ere, argi dago euskal
konpainiek leku berezia dutela bai antzerkiaren arloan -Bikoteatro,
Mama Crea, Tanttaka eta Vaiven- bai dantzarenean -Dantzaz, Ertza eta
Aukeran-, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen duen Dantzarako
Plataformaren barruan. Bestetik, begi-bistakoa da dFeriak
Latinoamerikari ematen dion garrantzia, eta aurten Brasilgo Avenida Dropsie
ekartzeaz gain, bigarrenez izan dugu Itinerarte ekimenaren presentzia,
kontinente hartako beste zazpi herritako lanekin, nahiz eta bide
horretatik ekarritako pieza batzuek iazkoek baino maila apalagoa
erakutsi duten. Gainera, hiria Europako Kultur Hiribururako hautagaia
denez, Poloniako hiru emanaldi programatu dira, hango eta hemengo
parametroen arteko urruntasuna azaleratuz.
Bikaintasunaren alorrean, dFerian beti dago lan ahaztezin batzuk ikusteko parada, eta nik aurtengo hiru gogoratuko nituzke: Dantzaz konpainiaren 1.01 bere maila artistiko ukaezinarengatik, Herrialde Katalanetako Produccions del Mar konpainiaren Camarada K eta Uruguaitik Itinerarte bidez etorritako Mi muñequita, bi kasuotan abangoardia estetikoa eta engaiamendua izan direlako lana markatu duten ildo nagusiak.
Dokumentuaren akzioak