Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azkenik, bizitzak egin du eztanda

Dokumentuaren akzioak

Azkenik, bizitzak egin du eztanda

Pandemiak ez ditu Iturengo eta Zubietako inauteriak geldiarazi, nahiz eta otorduetan zenbait neurri hartu behar izan dituzten eta jende gutxiago izan den. Zubietarren bisita jaso ondoren, gaur, iturendarrak Zubietara joanen dira joareak astinduz. Mozorro izurria zabaldu da karriketan.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Malerreka
Mota
Albistea
Data
2022/02/01
Lotura
Berria

<b>Dulun eta dulun. </b>Zubieta, Aurtitz eta Iturengo joaldunak, Iturengo frontoiaren plazan.

Dulun eta dulun. Zubieta, Aurtitz eta Iturengo joaldunak, Iturengo frontoiaren plazan. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

 

Naturak beti aurkitzen du bizitzarekin aurrera egiteko bidea; eta, bizitza basa eta oinarrizkoenari hain loturik den inauteriak ere aurkitzen du beti, nola edo hala, aurrera egiteko manera. Gaitzik makurrenak nola, hala barreiatzen dira zomorro mozorrotuak herrietako karriketan barrena. Atzo, mundua geldiaraztea lortu zuen pandemiaren seigarren olatuan, inauteria lehertu zen Iturenen (Nafarroa). Mozorro izurria zabaldu zen Malerreka aldean: harrabotsa, haragia, jana eta edana. Eta joareak, dulun-dulun, lurra esnarazteko gai den urrats sendoz, aurrera. Azkenik, bizitzak egin zuen eztanda.

Iazko aho zapore txarra kendu nahian ziren Ituren eta Zubietako gazteak. Izan ere, iaz ezin izan zuten inauteririk ospatu. Atera ziren joaldun batzuk eta mozorroren bat edo beste, baina hori baino gehiago dira inauteriak. Aski ongi daki hori Egoitz Gorosterrazu iturendarrak: «Gazteak gogoz gaude, eta besteak ere bai. Badago giroa. Iaz egin genuen seinale gisa joaldunak atera, eta aurten berreskuratu dugu gainerakoa».

Otordu gehienak mantendu dituzte, baina jende kopurua kontrolaturik. «Iazkoa galdu genuen, orduan, aurten behintzat, neurriak bermatuz, zerbait egiten ahal dugu». Are, zentzurik baldin badu inauteriak, izurri garaian da: «Esaten dute joareek gaitzak uxatzen dituztela; ea ba birus hau uxatzen dugun», borobildu zuen Gorosterrazuk.

Ohi baino lasaiago zegoen giroa atzo Iturengo pilotaleku plazan, eguerdi partean. Ez zen musikaririk aterpean, eta bisitari gutxi sumatzen zen. Herriko etxeko balkoietako jantzi koloredunek ohartarazten zuten inauteriak zirela, eta goiko pisuko leihoak zabalik egoteak COVID-19a oraindik bueltaka dabilela. Han izaten dira otorduak inauterietan.

Puskak biltzen

Iturengo Aurtitz auzoan besta giro handiagoa sumatzen zen: trikiti eta akordeoi doinuak aditzen ziren han eta hemen. Elkartean bapo gosaldu ondotik, puskak biltzen aritu ziren gazte batzuk, eta joareak jotzen beste batzuk. Zuriñe Bueno eta Ekiñe Mindegia lagunekin ibili ziren etxez etxe, arrautzak biltzen. «Denak gaude gogoekin, baina bazkarietan jende kopurua bajatu da aurten», ohartarazi zuen Mindegiak. «Gero mozorro aterako gara; azken urteetan egin dugun bezala», Buenok.

Inauteriak ez dira zernahi Mindegiak esan zuenez: «Urtero egiten dugun zerbait da, arrunt berezia guretzat. Zazpi egunez hau da gure etxea». Elkartea, alegia. Handik atera, eta etxe atarietan auzokoak zain zituzten, puskak emateko. Baten bati irrintziekin dei egin behar izan zioten, hala ere, atarira ateratzeko. Beste gazte talde batek pankarta bat zeraman, kakarekin izkiriatua: Peña matarrasa. Aurten zuek bezala

Kanpoko jende gutxiago joan zen atzo inauterietara, baina batzuk animatu ziren. Nekane Sustatx Leioatik joan zen (Bizkaia), joaldunez dotore jantzitako semearekin batera. Ttuntturroa, isipua eta joareak zituen txikiak. «Olentzero egunean joaldunak ikusten ditugu Loiun, eta Ibai da fanik porrokatuena. Ez goaz Olentzero ikustera, joaldunak baizik», azaldu zuen. Lehenbiziko aldia zuten Iturenen.

Joaldunak izaten dira inauterietako pertsonaiarik ezagunenak, eta atzo dotore aritu ziren 26 iturendar, hamabi aurtiztar eta 25 zubietar, gibelean hamalau joaldun gaztetxo zituztela urratsari segika. Aurtizko taldean gizonak baizik ez ziren.

Urratsa aldatzen dute joaldunek beste talde batekin elkartzean, bakoitzak bere jotzeko manera baitu. Zubietarrek haien erritmora egiten dute bidea Aurtitzeraino, eta han, aurtiztarren urratsari segitzen diote. Gero, denek iturendarren erritmora egiten dute ibilbidearen azken txanpa. Atzo hala izan zen. Herrian barrena puskak bilduta, 14:00 inguruan ailegatu ziren zubietarrak Aurtitzera. Herrian itzulia egin, eta hartu zuten Iturenerako bidea, harrizko zubiaren gainetik joareen doinua lau haizetara zabalduz.

Ordurako, Iturengoak prest ziren Latsaga auzoan. Mendian behera anbulantzia bat jaitsi zen ziztu bizian, aurrealdean COVID-19 idatzita zuela. Ipurdia bistan zuten pazienteek, eta patxarana eta anisa serumaren partez. Sirena hotsei berehala batu zitzaien motozerren harrabotsa eta joareen dilinda. Zubian elkartu ziren denak, eta plazara abiatu ziren. Suzirien eztandek eman zieten abisua plazan zirenei.

Plaza hartzea

Eta lehertu zen. Lehertu, garairik onenetan bezala. Anbulantzia, motorra, adaxkez betetako gurdiak, gorputz erdi biluziak eta aurpegi osoa ezkutatzen duten maskarak. Inauterietako gibela transplantea zioen mozorro baten lapikoan idatzitako mezuak, eta lapikoa ez zen hutsik. Donald Trump, Kim Jong-un eta Mariano Rajoy agertu ziren plazan, beste izaki beldurgarri batzuekin batera: mozorro txaranga bat, gorila, hildakoak, aulkia buruan zuen izakia, porrua ahoan zuen agurea... Zikinkeria nonahi: simaurra, ura eta irina. Zubietako erreformak gurdian zirenek ingurukoak zuritu zituzten irinez.

Plaza lepo, 63 ttuntturro, zinta koloretsuak dantzan, eta 126 joare, dulun-dulun. Erritu bat, eta bizitza bizitzeko gogoa. Udaberria etorriko den jakitun, edukiera mugekin eta maskara kirurgikoekin egiten diren azkenengo inauteriak izanen direlako esperantza gogoan.

Dokumentuaren akzioak