Jaialdiaren Batzorde Artistikoak Euskal Herriko hogei konpainia, Espainiako Estatuko hamazortzi eta beste herrialdeetako bost aukeratu ditu 2020ko Leioako Umore Azokan parte hartzeko. Azken horiek Kenyatik, Ukrainatik, Japoniatik eta Frantziako Estatutik (2) etorriko dira Leioara.
Emaitza "programa ikusgarri, original eta askotarikoa" da, antolatzaileen esanetan. Denera, 115 emanaldi eskainiko dituzte 43 konpainia horiek, lau egunean. Horietako asko estreinaldiak izango direla nabarmendu dute, gainera. Zehazki, hogei estreinaldi absolutu egingo dira, eta Espainiako Estatu mailako beste lau.