Dokumentuaren akzioak
Azken lanen laburpena
Alurr dantza taldeak 'Soinaz' ikuskizun berria eskainiko du etzi Zaldibiako Resti pilotalekuan, 22:30ean
Ikuskizuna hiru zatitan banaturik egongo da. Lehenengoak Sua izeneko emanaldiarekin izango du lotura. Besteak beste, sua, lurra eta ura irudikatuko dituzte ikuskizunaren hasieran. Ondoren, Oinazez ikuskizunaren arrastoak erakutsiko dituzte. Zuberoako makil jokoa, xuletinoa, banakoa eta beste dantzatuko dituzte. Azkenik, berriz, Oreka TX taldeari lotutako dantzak egingo dituzte. Tarteren batean Mikel Laboaren abesti batekin dantzatuko dira, eta, zati horretan, ikuskizun osoan bezala, euskal dantzetako pausoak eta dantza berritzailea uztartuko dituzte.
Koreografiak, Aiert Beobidek
Emanaldiak hainbat zati izan arren, guztiek ildo berari jarraituko diote. Ordubete eskas iraungo du ikuskizunak, eta, hasi eta buka, loturik egongo da dena. Zati bakoitzaren aurkezpena dantza bidez egingo dute. Koreografiak Aiert Beobide dantzariak prestatu ditu, eta arroparen diseinuaz Ramon Garcia arduratu da. Zaldibira joan ezin duenak Tolosako Kilometroetan izango du hurrengo aukera.
2010. urtean, 'Oinazez' ikuskizuna estreinatu zuten. 'Soinaz'-en lan horren arrastoak aurki daitezke. / ALURR TALDEA
Dokumentuaren akzioak