Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azken entseguak eginda, egun handiaren zain

Dokumentuaren akzioak

Azken entseguak eginda, egun handiaren zain

Egilea
Imanol Beloki
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Eskoriatza
Mota
Erreportajea
Data
2020/01/29
Lotura
Goiena
Azken entseguak eginda, egun handiaren zain
2002an jaiotako neska-mutilak dantza entseguetan

2002. urtean jaiotako 41 neska-mutil izango dira aurten Santa Ageda egunaren bueltako protagonista. Zenbait astez dantza entseguetan aritu ostean, pixka bat errepasatu eta prest egongo dira herritarren aurrean dantza egiteko.

2002. urtean jaiotako Eskoriatzako neska-mutilak izango dira aurten protagonista Santa Ageda egunaren bueltan. Izan ere, ohiturari jarraituz, santa-eskean arituko dira zenbait egunez, eta dantzak egingo dituzte Fernando Eskoriatza plazan.

Urte berean jaiotako eskoriatzarrak gehiago diren arren, 41 izango dira, guztira, Santa Ageda egunaren bueltan herritarren aurrean dantzan arituko direnak. Zortzi entsegu izan dituzte, oraingoz, eta gogotsu daude kantuan aritzeko. Urduritasunak izan arren, baita herritarren aurrean dantza egiteko ere.

Dantza entseguan, Aritz Zubia erdian dagoela.

Sara Zurutuza dantza entseguan hanka altxata.

Jota Arrieta txistuarekin laguntza ematen.

Galder Isasmendi dantza entseguan.

Urteroko plangintza jarraituz

Santa Ageda egun bezperan, otsailaren 4an, Eskoriatzako zazpi elizateetan zehar arituko dira baserriz baserri kantueskean, eta otsailaren 5ean, Santa Ageda egunean, aldiz, herriko kaleetan zehar eta ikastetxeetan arituko dira. Honekin batera, urteroko ohiturari jarraituz, azken entsegua egin eta Jose Arana nagusien egoitzako egoiliarren aurrean dantza egitera joango dira, 18:00etan. Ondoren, berriz, Fernando Eskoriatza plazan egingo dute dantza, 19:00etan, herritarren aurrean, eta bertan demostratuko dute zein ondo entseatu duten. Otsailaren 6an, eguenean, berriz, herriko kaleetan zehar arituko dira santa-eskean.

Egun bat lehenago hasita

Otsailaren 4an, 5ean, eta 6an ateratzea izan arren hasierako asmoa, otsailaren 3an ere, astelehenean, aterako direla adierazi du Uxia Alvarezek, aurtengo kintoak: "Gogoz gaude Santa Ageda egunaren bueltan santaeskean aritzeko eta baita dantza egiteko ere. Gogoz aritu gara entseatzen; guztira, zortzi entsegu izan ditugu, eta, oraindik zer hobetu dugun arren, ondo prestatuta aterako garela plazara uste dut. Horrekin batera, egun bat lehenago hastea erabaki dugu. Motorrak berotze aldera…".

Kinttaden Egunera batuz

Kinttaden Eguna –bederatzigarren edizioa– otsailaren 8an ospatuko da, zapatuan, eta egunerako santa-eskera eta dantzara animatu diren 41 gazteak bazkaltzera joango direla adierazi dute: "Kinttaden Egunean bazkaria egingo dugu, eta, Eskoriatzako kintada ugari batzen direnez, guk ere ez dugu hutsik egingo. Hala ere, txintxo-txintxo ibiliko gara; izan ere, otsailaren 9an, domekan, berriz egingo dugu dantza Fernando Eskoriatza plazan, 19:00etan", adierazi du Alvarezek.

Dokumentuaren akzioak