Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azken dantza, eta etxera

Dokumentuaren akzioak

Azken dantza, eta etxera

Iruñeko Udaletxe plaza mukuru bete da erraldoi eta buruhandien konpartsari agur esateko. Haurren muxu, txalo eta oihu artean egin dute dantza azkenengoz.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruña
Mota
Albistea
Data
2022/07/15
Lotura
Berria

Kilikiak eta Dugunako dantzariak, <em>Dominguera</em> dantzatzen, erraldoien, ikusleen eta udalbatzaren begiradapean, atzo, Iruñean.

Kilikiak eta Dugunako dantzariak, Dominguera dantzatzen, erraldoien, ikusleen eta udalbatzaren begiradapean, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Iruñeko Udaletxe plaza lepo bete da. Ez da txupinazorik, sanferminetako azken eguna baita, baina berriz ere mukuru dago plaza. Termometroa gora doa poliki-poliki, 30 graduraino. Abanikoak eta ura ez dira falta. Pamplonesaren doinuak hasi dira halako batean: Dominguera. Bi ilaratan aurrez aurre diren erraldoiek lurretik altxatu dituzte zurezko hankak, eta hasi dira dantzan. Bals motela hastean, erraldoiak gelditu dira, eta haien lerroek osatutako pasabidearen erditik sartu dira, jauregietako dantzaldi bat balitz bezala, kilikiak eta Dugunako emakume dantzariak, elkarri loturik dantzatzeko. Agur esateko eguna da, eta horrek merezi du azken dantza.

Baina nekez izaten da etxera joan aurreko azken hori azkena. Sanferminetan erraz bihurtzen da azkena azken-aurreko edo azken aurrekoaren aurrekoaren aurreko. Uztailaren 14an Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak agur esateko ez du presarik izaten, eta aurten ere ez du izan: ordu eta erdi iraun du ekitaldiak. Eguzkiak gogor jo du plazan, baina, hala ere, haurrek eta helduek han aguantatu dute, geldi demonio, tarteka txalo, muxu eta oihuak botatzen. Ikusleek ez diote minutu batez ere utzi abanikoak astintzeari, eta asko ziren ura botatzeko gailuak zituztenak. Erraldoiek dantzen bukaeretan egiten dituzten itzuliak eskertu dituzte lehenbiziko ilaran direnek, gonekin haizatzen baitzituzten haien bisai izerdituak.

Jarraian, larrain dantzaren balsa plazaratu dute erraldoiek, eta Dugunakoek brokelak, makilak eta zintak paratu dituzte dantzan. Halako batean hasi dira atabalak trapatata-trapatata, eta altxatu dira erraldoiak. Badoaz Mercaderes karrikan aurrera, agurrik egin gabe. Barbas kilikiak baretu ditu nerbioak, balkoi batetik atera denean. Jarraian hasi dira haur guziak oihuka, buruhandiei, zaldikoei eta kilikiei deika. Baita agertu ere, Udaletxe plazako zenbait eraikinetako balkoietan. Zaldikoak plazara atera dira, lasterka, gomazko maskuriekin jendea joz. Eta, jarraian, erraldoiak sartu dira berriz plazara, Merced karrikatik. Ez ohiko hurrenkeran, aitzitik: Asiako erregea buru sartu dira. Barbasek haurrei laguntza eskatu die, ohiko ordena jarrai zezaten, eta oihuz izendatu dituzte banan-banan, palazan txukun sartzeko. 

Itzuli eta itzuli

Ondoren, Barbas arduratu da ekitaldia goxatzeaz. Volver kantatu du publikoarekin batera; amatxi buruhandiarekin eta Caravinagre kilikiarekin ere egin du gag bana. Baina erraldoien dantzak ikustera joan da jendea, eta izan dituzte, bata bestearen atzetik: borobilean, lerrotan, gurutzatuz, bikoteka, taldeka, balsak, jotak... Musikari bereziak izan dituzte lagun, ohiko gaitari eta atabalariez gainera, pianoa, biolina eta flauta ere aritu baitira.

«Bi urtez zenbat muxu izan ditugun faltan. Muxu berezi bat Oskarrentzat», esan du amatxi buruhandiak. Eta orduan jaitsi dituzte erraldoiak jendearengana, muxu emateko eta txupeteak emateko. Une hunkigarrienetakoa izan da hori, haur denek nahi baitiete erraldoiei muxu eman. Erraldoiek elkarri ere eman diote muxu, eta segitu dute dantzan. Bukaera iragarri du Alemana kantak; itzuli eta itzuli aritzen dira horrekin erraldoiak. Banaka-banaka sartu dira udaletxean, baina jendeak ez du alde egin. Gehiago eskatu dute, gogotik, eta zapiak kenduta oihukatu dute «San Fermin, San Fermin».

Beraz, azken muxuak hartzeko atera dira erraldoiak, eta egin dute azken bals bat ere. Markelek arretaz ikusi ditu dantzak aitaren blusaren itzalaren goxotik, eta eskua eman die kiliki gehienei plazaren erdia zeharkatu dutenean. Itzaletan 30 gradu egiten du, eta hasi da Polonesa. Orain, bai: azken dantza, eta etxera. Izerdi eta malko tantak garbituta, plaza hustuz joan da. Heldu den urtera arte agurtu dituzte erraldoiak.

Dokumentuaren akzioak