Dokumentuaren akzioak
Axuri beltza doinua, Euskal Herriko eta Senegaleko dantzen arteko lokarria

«Desberdintasunak topaketa berrietarako aukera gisa hartu behar dira, besteengandik ikasteko, norberaren buruaz ikasteko». Euskadi Senegal elkartearen balioekin bat egiteaz gain, aipaturiko esaldiak islatzen duen filosofia ainguraturik da 'DANTZA! Aniztasuna dantzetan' emanaldia.
Baionako Aniztasunaren Astearen barne, Oxala dantza tailerra, Berritza konpainia, Africa Baiona dantza elkartea, Michel Maye afrikar dantzaren irakaslea eta Gilles Riviere adituaren laguntzarekin landutako ikuskizuna Axuri beltza doinuan oinarritu da, euskal-afrikar fusioaren emaitza lortzeko.
Txikitan konpainia eta Ttirrita elkartea musikaz arduratuko direla, dantza erakustaldia martxoaren 6an iraganen da Baionako Elkarteen Etxean, 19:30ean.
«Gure ardura da, besteak beste, kultur aniztasuna sustatzea», adierazi dute Euskadi Senegal elkarteko kideek. Iaz, bere 30. urtemuga ospatu zuen elkarteak bertako animazioetan gehiago inplikatzeko apustua eign zuen, hala nola, Aniztasunaren Astean parte hartuz.
Nazioarteko elkartasunezko elkarteak Baionan du bere egoitza. Senegalen, garapen komunitarioa xede duten proiektuetan lan egiten du. Elkarte humanitario honek, besteak beste, biztanleriaren osasun-egoera eta bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko xedea du.
Aniztasun Asteko beste ekitaldiak
Baionako Herriko Etxeak 30 bat elkarte bildu ditu martxoaren 11a bitarte iraganen den Aniztasunaren Astearen egitaraua osatzeko.
Erakusketak, tailerrak, kontzertuak, ikuskizunak. Molde ezberdinen bidez aniztasunaren eta berdintasunaren aldeko balioak sustatzen du aipaturiko ekimenak.
Egitarau osoa Baionako Herriko Etxearen weborrian atzeman daiteke.
Dokumentuaren akzioak