Aurtzakako kideak Donibane Lohizunen dantzan
Begiraleak taldeak antolatzen duen Udaberria Dantzan ekimenean parte hartu du Beasaingo dantza taldeak.

Aurtzakako kideak dantzan Donibane Lohizunen, joan den igandean.Xabier Garmendia
Beasaingo Aurtzaka Dantza Taldeko dantzari eta musikariak Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan dira igandean, hango Begiraleak taldeak antolatzen duen Udaberria Dantzan ekimenean parte hartzen. Aurtzakak Igartzako ezpata dantza eta Igartzako brokel dantzen saileko piezak eraman ditu Lapurdiko kostaldera, eta Euskal Herriko beste lurraldeetako hainbat talderekin elkarbanatu dituzte Donibaneko kale eta plazak.
Ez da Aurtzakak Donibane bisitatu duen lehen aldia. 2023 eta 2024an ere gonbidapena jaso zuen dantza talde beasaindarrak. Ideiak 2023 lehiaketan saritua izan zen mugaz gaindiko lankidetza-proiektua, eta Aurtzaka eta Begiraleak taldeen arteko harremana sendoa da. Joan den azaroan lapurtarrak Beasainen izan ziren, Udazken Kulturalean elkarrekin emanaldia eskaini baitzuten, eta duela aste gutxi Beasainen izan ziren beste behin, Aurtzakako dantzariei Lapurdiko hainbat dantzen ikastaroa eskainiz.
Ekainaren 23an, San Joan Bezperan, soka dantza egingo dute Aurtzakako gazteenek Igartzan, eta sua piztu aurretik Barrendainen. Irailaren 12an, aldiz, Igartzako Dantzarien Kofradiako egunean, ezpata dantza ekitaldia egingo dute 20. aldiz.






