Dokumentuaren akzioak
Aurtengo Gauargi haur dantzarien jaialdia ez egitea erabaki dute antolatzaileek
Gune egokirik ez zuten atzematen Kanbon, eta herriz aldatu baino lehen ezer ez egitea erabaki dute
Dena bertan behera uztea erabaki zuten apirilaren 2an egin bilkuran. Mundutik zehar etorri behar ziren haur dantza taldeak aurten ez dutela etortzerik izanen abisatu dituzte.
Hori dela eta, Gauargirekin harremanetan ziren beste jaialdiak ere haur ikusgarririk gabe geldituko dira. Haien artean, Garaziko Garazikus elkartea. Urtero horrek ikusgarri bat antolatzen zuen.
Elkarteak ez du beste herri batera joateko asmorik
Jaialdia beste herri batera eraman baino, bertan behera utzi nahiago ukan du elkarteak. «Jaialdia antolatzen duen elkartea Kanbokoa da. Parte hartzen duten herritar benebolo gehienak Kanbokoak dira», esplikatu zuen Labegerrik. «Herriko kirol talde bati beste herri batera joatea galdegiten ez zaion bezala, Gauargiri ere ezin zaio herriz aldatzea galdegin», gehitu zuen.
Ezadostasunak jaialdiarendako lur eskasatik abiatu ziren. Urtero kirol zelaian egiten dute jaialdia, baina aurten gauzak ez dira hain errazak izan. Karpak zelaia andeatzen du. Hori dela eta, beste gune baten aurkitzen saiatu ziren, baina ez zuten atzeman. Hasieran kirol zelaia ukanen zutela azaldu zien Herriko Etxeak, baina ondotik iritzia aldatu zuela zion Labegerrik.
Diru arazoak ere gehitu zizkien. Diru laguntzak behar zituztela, Herriko Etxeari galdegin eta horrek ez zuela baiezkorik eman azaldu zuen elkarte buruak.
Herriko Etxeak, aldiz, argumentu horiek ez direla egiak dio. Joan den astean herriko kontseiluak gunearen hautaketa elkartearen esku uztea erabaki zuen, hark dioenez.
Dokumentuaren akzioak