Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurten bost egun izango ditu Portugaleteko Folklore Jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Aurten bost egun izango ditu Portugaleteko Folklore Jaialdiak

Bolivia, Turkia, Eslovakia, Irlanda, Benin, Mexiko eta Komiko taldeak ariko dira, Elai-Alaiz gain

Egilea
Aritz Maldonado
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2008/07/16

Igandean aurkezpena egin ondoren, astelehenean ekingo diote dantza taldeek beren ikuskizunak erakusteari. Taularatzen lehenak Tradiciones Bolivianas eta Gehem taldeak izango dira. Lehendabizikoak Boliviatik datoz; bigarrenek, berriz, Turkian dute jatorria. Talde gazteak izan arren, eskarmentu handikoak dira biak.

Asteartean, hilak 22, Eslovakiako Maj eta Irlandako Absolutely Legless taldeetako kideak dantzatuko dira Portugaleteko kaleetan barrena. Bi taldeen dantzak sorterriko ohituretan oinarritzen dira. Hurrengo egunean, asteazkenean, Kutzi eta Les Aus du Benin taldeak jardungo dira. Benin eta Mexikotik datoz bi talde horiek, hurrenez hurren. Euskal ordezkaritzak, Elai-Alai dantza taldeak, ostegunean eskainiko du bere emanaldia, Komiko Assyakya taldearekin batera.

Jende gehiago erakartzeko

2005az geroztik egin ohi duten bezala, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia Munduko dantzak deituriko ekimenarekin emango zaio amaiera. Hori ostiral iluntzean izango da, 21:30ean Carlos VII.a kaletik hasita.

34. aldi honetarako hainbat aldaketa egin dituzte antolatzaileek. Iraupena izango da aldaketa nagusia: hiru egunekoa izatetik bost egunekoa izatera pasatuko da, eta, aurreko urteetan ez bezala, gaueko bi emanaldi izango dira soilik. Jaialdia hobetzeaz gain, jende gehiago erakartzea dute xede aldaketek.

Tokiaren inguruan ere bada aldaketarik: polikiroldegian beharrean, ikuskizun gehienak Roke Deuna plazan egingo dira. Eguraldia oztopo izan ez dadin, agertokia karpa erraldoi batek estaliko du. Horretaz gain, aulkiak egongo dira ikusleak esertzeko.

Dokumentuaren akzioak