Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurreskuen matraka

Dokumentuaren akzioak

Aurreskuen matraka

Aupa Aritz! Folklore jale baten an-dantzak

Egilea
Aritz Ibañez
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2006/07/13

Aurreko urteetan, Patxi Laborda folklorezale nekaezinak egiten zuen Napardikoen aurreskua, baina, nonbait, nekatu da, eta niri pasatu dit matraka. Egia esan, ez zait asko kostatzen, baina dantzatu izan ditut aurresku hunkigarriagoak.

Napardin badira euskaldunak eta euskaltzaleak, baina denak ez dira halakoak. Dena dela, horrelako tokietan ere dantzatu behar da, ikus dezaten Nafarroa ez dela batzuek pentsatzen dutena bakarrik. Denetarik dagoela hemen, baita euskal giroa eta kultura ere. Adibidez, gaur, Yolanda Barcina alkatearengandik inoiz baino gertuago dantzatu dut.

Aurresku honetarako deitu didan pertsona berak deitu zidan, orain dela gutxi, bere alabaren ezkontzan dantzatzeko. Menorcan ezkondu zen (Herrialde Katalanak), eta asteburu-pasa ordaindu ziguten arreba eta bioi. Aurresku garestia atera zitzaien. Normalean ez dira halakoak izaten.

Orain aurreskuak toki eta egoera guztietan dantzatzen dira, baita biribilguneak inauguratzeko ere. Horrelako sari bat emateko ongi dago. Gaitariak baziren, Agur jaunak kantatu du abesbatzak eta nik aurreskua egin dut. Ongi dago. Napardin, nahiz eta joera guztietako jendea egon, saiatzen dira Iruñea zer den ongi islatzen. Eta dantzariok hori bermatu behar dugu.

Gaurkoa kobratuko dudan ez dakit, egia esan. Pentsatzen dut musu truk egin dudala. Dantzariok egiten dugun lana ordaindu behar da, bai. Baina inoiz kobratzeko, beste batzuetan ez kobratzen jakin behar da. Nork deitzen zaituen, eta zertarako, ez da horrenbeste kostatzen pertsona horrekiko begirune gisa debalde egitea.

Gaur, arrebak jo du txistua niretzat. Txistua jo eta aurreskua dantzatu biak batera egiten ikasten dudalarik, ez dut beste inor molestatu behar izanen.

Dokumentuaren akzioak