Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aurresku txapelketa eta Inauteriak, Sustraiak taldearen hitzordu berriak

Dokumentuaren akzioak

Aurresku txapelketa eta Inauteriak, Sustraiak taldearen hitzordu berriak

Datorren astean Legazpin abiatuko da gazteen aurresku txapelketa. Taldeko zortzi aurreskularik parte hartuko dute. Luzaideko konpartsa kaleratuko dute otsailaren 19an.
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2023/01/04
Lotura
Goierriko Hitza

Aurresku txapelketan parte hartuko duten bost dantzari, bi irakaslez inguratuta, taldearen lokaleko sarreran. Argazkia: Tere Madinabeitia

 

Gabonak oraindik amaitu ez diren honetan, hurrengo jai handiei begira dago dagoeneko Sustraiak. Inauteriak prestatzen hasita dago dantza taldea, eta herritarrekin batera kaleratuko duen Luzaideko konpartsarako entseguetan murgilduta dago. Gainera, hurrengo astean Legazpin abiatuko den Gazteen Aurresku Txapelketa ere eskuartean du, antolaketa lanak eta taldeko hainbat dantzariren partaidetza direla eta.

Bi hitzordu garrantzitsu dira Legazpiko dantza talde honentzat, eta opor egun hauetan, Kultur Etxe ondoan duten egoitzan ez da atsedenerako tarterik. Atzo, aurresku txapelketan parte hartuko duten gaztetxoek izan zuten entsegua goizetik, eta inauteriko konpartsako kideek, arratsaldetik.

Zortzi aurreskulari

Amaia Azpeitia, Naroa Sanchez, Markel Garmendia, Idoia Narbaiza, Irati Olaizola eta Maider Encina beteranoagoen laguntzarekin, datorren asteko gipuzkoar erako gazteen aurresku txapelketarako prestatzen ari dira Araitz Mantxola, Nora Lafuente, Araitz Berasategi, Irune Azpeitia, Jon Alberdi, June Osinalde, Maria Sanchez eta Nora Escudero.

Mantxola eta Lafuente 7 eta 10 urte bitarteko dantzarien A sailean lehiatuko dira, eta Berasategi, Azpeitia, Alberdi, Osinalde, Sanchez eta Escudero B sailean (11-14 urte). D sailean (14-15 urte) ez dago Legazpiko ordezkaririk.

B eta D sailekoek ligaska jokatuko dute finaletarako sailkatzeko, eta A sailekoek erakustaldiak egingo dituzte eta finalean guztiek parte hartuko dute, maiatzaren 14an, Errenterian. Egun eta toki berean izango da B saileko finala, eta D sailekoa Legazpin jokatuko da bezperan, maiatzaren 13an.

Denetara 64 dantzarik parte hartuko dute; gehienak gipuzkoarrak dira, nafarren bat edo beste izaten delako urtero. Goierritik legazpiarrak bakarrik daude.

Txapelketan 30 urte

Aurtengoa, txapelketa mistoa bihurtu zenetik bosgarren edizioa da, eta Legazpin abiatuko da B eta D sailen ligaskaren hasierarekin eta A sailekoen erakustaldiarekin. Latxartegi aretoan izango da lehen saioa, hilaren 14an, 16:30ean hasita.

Sustraiak dantza taldea arduratu da saioaren antolakuntzaz, udalarekin batera. Dantzarien Biltzarreko kideek osatuko dute epai-mahaia, eta Goiz Deia txistulari bandak jarriko du musika.

Badira 30-bat urte Legazpiko dantza talde hau aurresku txapelketan sartuta dagoela, lehiatzen hasieran, eta antolatzen ere bai gero. Dantzarien maila igotzeko aukera bezala ikusi zuten txapelketan parte hartzea, pausoak gehiago lantzen direlako eta entsegu gehiago egiten direlako. Mutilekin hasi ziren txapelketa haietan, eta Beñat Olaizola izan zen parte hartu zuen lehen legazpiarra. Nesken txapelketak edo Neskatxenak gero etorri ziren, eta orduan hasi zen Sustraiak antolaketa lanetan. Azken urteetan misto bihurtu da.

Ibilbide luze honetan, Beñat Olaizolaz gain, Eider Mujika, Izaro Mujika, Idoia Narbaiza, Amaia Azpeitia, Markel Garmendia eta Aitor Martinez nabarmendu dira, eta helduen mailan, Irati Olaizola.

Luzaideko inauteria

Iñauteriko konpartsarako entseguak atzo itzuli ziren. Astearteetan izaten dira 20:15ean, eta larunbatetan 17:30ean. Hurrengo larunbatean ez dute egingo.

Ohi bezala, Gabonak ondoren partaide gehiago hurbiltzen dira entseguetara, eta aurten ere hala izango da. Luzaideko konpartsa aukeratu dute, polka, kontradantza edo zazpi jauzi bezalako dantza erraz eta ikusgarriekin. Jantzia ere ikusgarria eta lortzeko erraza da: dena zuria koloredun zintekin apainduta mutilentzat, eta azpigona eta koloredun gona eta alkondara zuria neskentzat. Figurante ugari ere beharko dira. Otsailaren 19an kaleratuko dute.

Dokumentuaren akzioak