Dokumentuaren akzioak
Aunitz bizirik, aunitz bizitzeko
Zuzendariari
Ikuskizuna handi bihurtu zuten xehetasun txikiz
beterik izan zen arratsa, parasola harturik euripean mutil-dantzak,
Gipuzkoako dantza bizi eta dotoreak, perkusio piezak, argi jokoak eta
gaueko giro epela.
Joan bedi nire lehenengo zoriona musikariendako. Beltzez
jantzirik, euskal musika tradizionala irauli eta apustu sendoa egin
zuten, moldaketa ederrei esker. Ezin ahantzi nitzake kantuan ibili
zirenak ere, bati baino gehiagori oilo ipurdia jarriko zioten airean
dantzatzen ziren ahots ikusgarri horiek.
Dantzan ere ongi, zuzen, herrialde ezberdinetako dantzariak
ere izan zirelarik haien dantzak erakusten. Itzal artean ibili ziren
xiberotarrak, indarrez gipuzkoarrak eta hanka goratuz bizkaitarrak.
Belaunaldi aunitz dantzan uztartu ziren, Arantzako
pausoarekin ibili ziren lau dantzariek ongi irudikatu zutenez.
Sanferminetako erraldoietan izaten den melodia kaosa gogora ekarri
ziguten Erriberako dantzekin, eta momentu hunkigarria izan zen
dorrearen buruan Nafarroa goratu zenean, lehenagotik subiranotasunaren
galera kantuz kritikatu zelarik.
Txantxa eta irriek ere izan zuten lekurik, Otsagabiako
jotarekin zoratu zuten Boboa eta txistuka dantzatzen zirenak jolasean
ibili ziren. Gauaren epeltasunaz gozatu genuen Urdiainera bidaiatuz eta
hondarrekoz Arantzako dantzak jendearen parte-hartzea lortu zuen,
txaloka dantzariak lagundu zituztelarik.
Emozio aunitz beraz Barañainen, belaunaldi aunitz dantzan zein
musika tresnak jotzen, egun aunitzetako lan gogorraren emaitza
auditorioan. Lan bikaina, Ortzadar: segi bide horretan. Aunitz urtez!
Dokumentuaren akzioak