Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aukeranek dantza saioa prestatu du Seguraren 750. urteurrenerako

Dokumentuaren akzioak

Aukeranek dantza saioa prestatu du Seguraren 750. urteurrenerako

Larunbatean izango da doan dantzarien saio irekia. Edu Muruamendiarazen taldeak azken bederatzi urteetako koreografien errepasoa egingo du

Egilea
Ane Irastortza
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2006/11/15

Azken bederatzi urteetan Aukeran taldeak Segurako dantza txapelketa janzteko aurkeztu izan dituen koreografia gehienekin prestatu dute ikuskizuna. Zuzenean bost musikari eta bederatzi dantzari ariko dira. Jantzi eta argiek ere aparteko garrantzia izango dute.

Muruamendiarazek Segurari zerbait zor diola azaldu zuen: "Hamalau urterekin hasi nintzen hona etortzen. Urte batzuetan dantzari gisa, hasieran besteengandik ikastera. Amaia Agirrerekin hiru txapela irabazi nituen beranduago".

Nahiz eta txapelketak utzi 1996tik atsedenaldia girotzera etortzen jarraitzen du. 1997an Aukeran ikuskizuna eskaini zuen arrakasta handiz. Horrela sortu zen konpainia eta euskal dantzarentzat bide berriak ireki ziren. "Dena Seguran hasi zen. Horregatik ohore handia da etortzea. Urduri nago, baina dantzatzeko gogo handia dut", azpimarratu zuen.

Segurako herriak horrela borobilduko du 750. urteurrenaren inguruan antolatutako programa. Mikel Areizaga alkateak esan zuenez, "era guztietako ekintzak egin ditugu urtean zehar eta ezin genuen utzi Edu Muruamendiarazen parte-hartzea kanpoan. Berak eman dio dantzari beste ikuspegi bat eta luxu bat da berriz gurekin izatea".

Zaletuak behin bakarrik emango den ikuskizunaz gozatzera animatu zituen alkateak. Sarrera doan izango da.

Dokumentuaren akzioak