Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aukeranek Antzerki Ferian estreinatuko du 'Bideak' obra

Dokumentuaren akzioak

Aukeranek Antzerki Ferian estreinatuko du 'Bideak' obra

Donostiako jaialdiaren aurtengo egitaraua 79 ekitaldik osatuko dute, uztailaren 11tik 15a arte

Egilea
Ibon Gaztañazpi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/06/01

Donostia Kulturako antzerki arduradun Norka Chiapusok adierazi du aurtengoan umorea eta musika lantzen dituzten obrak ekarri nahi izan dituztela. «Lantzen duten generoko obra garrantzitsuak izango dira Antzoki Zaharrean eta Kursaaleko ganbera aretoan, bai antzezlanaren kalitateagatik beragatik, bai bertan parte hartzen duen antzezle kopuruagatik».

Dantzak leku berezia izango du aurtengo Antzerki Azokan eta hainbat euskal dantza taldek azoka honen barruan estreinatuko dituzte beren azkeneko ekoizpenak. Batetik, Bideak Dantza Taldeak Bidean koreografia estreinatuko du, euskal dantza tradizionalak egungo estilo modernoekin uztartzeko asmo duen ikuskizun berritzailea. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako dantza plataformako kide diren Blanca Arrieta, Ertza Zabaleta eta Idoia Zabaletaren dantza konpainiek Donostian oholtzaratuko dituzte estreinakoz beren ekoizpenak.

HARRERA ONA IZAN DUTEN LANAK. Aurtengo ekitaldiko obren berri ematean, jendearen artean arrakasta handia izan duten bi obra aipatu ditu Chiapusok: 5 mujeres y hombres.com eta Glu-glu konpainiaren Todos nacemos vascos. Res-Res taldearen Tempo, Teatres de la Generalitat Valencianaren El amor del ruiseñor eta Albert Plak aurkeztuko duen El malo de la película multimedia antzezlana dira atzo aurreratu zuten egitarauko beste lan esanguratsuetako batzuk.

Aurtengo azokako berrikuntza garrantzitsuenetako bat umeentzat antolatutako antzezlanak izango dira. Dezente izango dira gazteenei zuzendutako obrak eta guztien artean aipagarriena, Teatro Paraiso konpainiak oholtzaratuko duen Lorategian lana izango da . Antzezlan horren helburua da soinuekin eta zentzuekin jolas egitea, batez ere ikusmenarekin, eta sei hilabeteko haurrek ikusteko ere egokia da.

Antzerki Azokak hiriko kaleetan lekua izan eta Donostiak antzerki giroa bizi dezan, antolatzaileek 59 kaleko antzerki ekitaldi ere programatu dituzte, Artearekin paseoan egitasmoaren barruan. Musika, akrobazia, zirkua eta bestelako ikuskizunak izango dira, zazpi orduz, jaialdiko hiru egunetan. Berriki Valladolideko Kaleko Antzerki Jaialdian irabazle izan den konpainiak ere emanaldia eskainiko du Saguesen uztailaren 14an.

Dokumentuaren akzioak