Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Atterballetto konpainia italiar handiak emango dio hasiera XV. Maitaldiari

Dokumentuaren akzioak

Atterballetto konpainia italiar handiak emango dio hasiera XV. Maitaldiari

Maitaldia jaialdia biarritzen

Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2005/09/09

Italiako koreografo garrantzitsuenak sortutako dantzak ikusteko aukera emango du Maitaldiak gaur eta bihar. Mauro Bigonzetti handiak Atterballeto konpainiako dantzari paregabeak zuzendu eta sorkuntza prozesuan gidatzen ditu.



Bi emanaldietan hiru lan ezberdin izango dira ikusgai. “Les Noces” lan arrazionala eta “Cantata” koloretsua izango dira gaurko emankizuneko koreografiak. Bihar, “Cantata”rekin batera aurten sortutako “WAM” eskainiko dute. Izenburua musika klasikoko autore handia izandako Wolfang Amadeus Mozarti eskainita dagoelako ezarri diote.



Sentimendua eta elkarlana sustatzen dituen konpainia honetan dantzarien eta koreografoaren arteko begirunea eta errespetua nabaria da. Bigonzettik bere lanean estiloa ez baina garrantzitsuena talde lana dela esan zuen. «Azken urteetan konturatu naiz estiloaren bila hasten baldin bazara emozioaren egia galtzen duzula. Garrantzitsuena dantzari eta koreografoaren artean sortu den emozioa eta gelditzen den lana da», baieztatu zuen.



Aterballettoko dantzari euskaldun Amandine Malok koreografoarekin lan egitea den zortea aipatu zuen: «Zorte handia da, baina horrez gain atsegina eta sortzailea ere bada, bai bera horrelakoa delako, baita gu horrela sentiarazten gaituelako ere».



Atterballeto konpainiaren lan dinamika nolakoa den kontatu zigun Malok: «Maurok ideiak botatzen ditu eta guk ontzen ditugu, berak esandakoaren arabera eta gustatzen bazaio. Gure izaera berak nahi duenera erakartzen saiatzen da eta azkenean nortasun ezberdinak berak nahi duenera iristen dira».



Lan dinamika koreografia gehienentzat antzekoa bada ere, emozioak ezberdinak dira eta hori lanetan argi islatzen da. “Les Noces” oso arrazionala da Bigonzettiren esanetan. «Zuri-beltzean da, ez dago kolorerik. Gizon eta emakumearen arteko tentsioa sortzen du koreografiak eta tentsioa publikoarengana heltzen da eta obrarekiko distantzia sortu».



“Cantata”, aldiz, aurrekoaren kontrakoa da. «Kolorea du, kaosa da. Irrazionalitatea eta zorakerian murgiltzen da, ikusleak eszenatoki gainera igo nahi izaten du. Ikusleengan emozioa sortzen du», baieztatu zuen artista italiarrak, mundu guztian zehar obraren dozenaka emanaldi egin eta gero.



Azkenik, “WAM” Mozarti eskainitako baleta da. Omenaldi oso berezia egin nahi izan dio Bigonzettik musikagileari eta haren musikari. Konpositorearen ikuspegi oso dramatikoa erakutsi du. «Nire lehengo lanerako bere musika hartu nuen, eta egun dudan ideia garai horrekin konparatuta guztiz kontrakoa da, horregatik berrikusteko beharra sentitu dut», esan zuen koreografoak.







Etengabe gora doan dantza jaialdia

I.E.



BIARRITZ



Dantza konpainia bikain anitz Euskal Herrira ekarri ditu Maitaldiak duela 15 urte hasi zenetik gaur arte; ikuslegoa bikoizten ikusi du, joan den urtean 12.000 ikuslera ere iritsi zen.



Hamar egunez egunero bi edo hiru ikuskizun eskainiko ditu aurten eta urtero bezala estilo guztietakoak.



Larunbatean, publiko gaztearentzat EliralE konpainiak “Kadira” ikuskizuna eskainiko du. Igandeak Cruceta konpainiaren flamenkoa eta dantza inprobisazio lehiaketa bat ekarriko dizkigu.



Astelehena Tokiotik etorritako Asami Maki balet talde handiaren eguna izango da. Asteartean, dantzari buruzko dokumentala ikusteko aukera izango dute edo bestela dantzan jartzekoa Patxi Perezekin.



Asteazkenean, Nacho Duatoren konpainiaren txanda izango da Maitaldian.



Ostegunean, Androphyne, eta hurrengo egunean Nizako Operako Baletaren ikuskizuna izango da.



Larunbatean, Damian Muñoz gasteiztarrak eta Jordi Cortes katalanak dantzatuko dute. Igandean, Ballet Biarritzek Thierry Malandainen koreografia bat antzeztuko du.

Dokumentuaren akzioak