Dokumentuaren akzioak
Atharratze dantzari ttipien hiriburu bilakatuko da
Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko euskal dantzari ttipienek haien dohainak eta ikasitako dantzak erakutsiko dituzte maiatzaren 8an Atharratzen ospatuko den Dantzari Ttiki egunean. Orotara 39 dantza talde izanen dira eta musika eskoletako ikasleekin batera, 1.300 haur inguru bilduko dira, egun ikusgarria eskaintzeko asmoz.
Ekitaldiak goizeko 10.00etan hasiko dira, taldeek herrian gaindi eginen duten desfilearekin. Oren bat berantago, dantza taldeek astero egin «lan gogor eta garrantzitsua» ikusgai izanen da Atharratzeko ezker paretan eta xiberotar dantza sorkuntza ikusgarria ere ikusgai izanen da. Piknikaren momentua 13.30ean eman dute antolatzaileek, goiz eta arratsaldez idekiko dituzten ostatu eta talo postuei esker.
Eguneko egitaraua Jose Cazaubonek eta Kiki Bordatxok eskainiko duten dantzaldiarekin osatu dute antolatzaileek, haur zein helduak plazan dantzan jartzeko xedearekin. Izan ere, protagonista nagusiak haurrak izango badira ere, adin guzientzako pertsonei zabaldu die gomita Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Dokumentuaren akzioak